Emakumeen Jabetze Eskoletan izena emateko epea luzatu dute

Uztarria.eus 2019ko ira. 30a, 12:30
Emakumeen Txokoan izango dira ikastaroak.

Azpeitiko Emakumeen Mahaiak eta Azpeitiko Udaleko Parekidetasun Sailak antolatuta, aste honetan hasiko dituzte emakumeak ahalduntzeko zenbait ikastaro, eta horietan dagoeneko ezin da izena eman. Dena den, gainontzeko saio guztietan, plaza guztiak bete arte eman ahalko da izena.

Duela aste batzuk zabaldu zuten emakumeentzako Jabetze Eskoletan izena emateko epea Azpeitiko Emakumeen Mahaiak eta Azpeitiko Udaleko Parekidetasun Sailak. Aste honetan hasiko dituzte zenbait ikastaro, eta horietan dagoeneko ezin da izena eman. Dena den, gainontzeko saio guztietan, plaza guztiak bete arte eman ahalko da izena.

Honako hauek dira aste honetan hasiko diren ikastaroak: amorrua gorpuztu eta sabel dantza. Beraz, horietan ezingo da izenik eman aurrerantzean; bai, ordea, honako ikastaro hauetan:

Dantza afrikarrak: Anne Agirrek eskainiko du, eta hamabi orduko iraupena izango du. Azaroaren 14tik abenduaren 19ra eskainiko dituzte saioakIzen-ematea 18 euro ordaindu beharko da. Ikasleek eta langabetuek, berriz, 10 euro.

Zaurgarritasunak euskal literaturan: Literaturara hurbiltzeko bi begirada landuko dituzte irakurketa saioetan, Iratxe Retolazaren eskutik. Batetik, zaurgarritasunaren inguruko hausnarketa abiatuko dute. Bestetik, begirada eta irakurketa feminista. Horretarako, hainbat gai jorratzen dituzten literatura testuak irakurriko dituzte: presio sozialak, aniztasun funtzionala, gaixoaldia... Urriaren 29an, azaroaren 5ean eta 26an eta abenduaren 3an izango da ikastaroa, eta bederatzi orduko iraupena izango du. 18:30etik 20:00etara eskainiko dute tailerra. 

Gorputza eta jolasa: Erika Olaizolak eskainiko du ikastaroa, abenduaren 14an. Lau ordu eta erdiko saioa izango da, 09:30etik 14:00etara. Ez da ordaindu beharrik izango. 

Oinarrizko mekanika: Tailer honen helburua da emakumeen konfidantza indartzea eta "maskulinizatutako" esparru batekiko jakin-mina piztea nahiz esperientzia eta autogestioa sustatzea. Parte-hartzaileek autoen gurpilak aldatzen nahiz oinarrizko mantenu lanak egiten ikasiko dute. Egun bateko saioa izango da, baina zortzi orduko iraupena izango du. Urriaren 19an eskainiko dute ikastaroa. 

Autodefentsa feminista tailerra: Indarkeria mota ezberdinen aurrean kontzientzia hartzen ikasiko dute parte-hartzaileek, baita erasoen aurrean erantzuteko estrategien gaineko hausnarketa egin ere. 18 urtetik gorako emakumeei zuzenduta dago. Emagin elkarteko formatzaileek eskainiko dute tailerra, azaroaren 23an, larunbatez. Zortzi orduko iraupena izango du ikastaroak, eta bi zatitan egingo dute, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Doakoa izango da.

Tailerretan parte hartu nahi dutenek Emakumeen Txokoan (Goikokale 12) egin dezakete izen-ematea, bulegora bertaratuta, 943-15 70 55 telefonora deituta edo emakumetxokoa@azpeitia.eus helbidera mezu bat bidalita.