Dena prest dute X. Tuba Jaialdirako

Uztarria.eus 2019ko ira. 30a, 12:49

Urriaren 11tik 13ra izango da X. Tuba Jaialdia, eta ohi bezala, aurtengo ediziorako ere ekintza ugari antolatu dituzte. Besteak beste, lau kontzertu, erakusketa "berezi" bat, musikari afizionatuentzako ikastaro bat eta musika tresnen konponketa eta musika tresna berrien erakusketa antolatu dituzte. Tailerretan izena emateko epea zabalik dago jada.

Bederatzi urteko esperientzia soinean, X. Tuba Jaialdia egingo dute urriaren 11tik 13ra bitartean Azpeitian. Hiru egunez, tuba eta bonbardinoa izango dira protagonistak, baita jardunaldira animatzen diren musikariak ere. Aurreko edizioetan egin bezala, denetariko ekintzak prestatu dituzte musika instrumentu horien bueltan. Orotara, lau kontzertu, erakusketa "berezi" bat, musikari afizionatuentzako ikastaro bat eta musika tresnen konponketa eta musika tresna berrien erakusketa antolatu dituzte, besteak beste. Antolatzaileek azaldu dutenez, beste urte batez "goi mailako musikariak" izango dira Azpeitian urriaren 11tik 13ra bitartean.

Jaialdia erakusketa "berezi" batekin hasiko dela aurreratu dute jaialdiaren sustatzaileek. Hain zuzen, Oscar Abellak Tubaren historiaren inguruan prestatutako erakusketa batek zabalduko du aurtengo Tuba Jaialdia. "Serpentoiak, fagot errusiarrak, oficleidoak, cimbassoak, bonbardinoak eta tubak izan duten erabilera eta garapena azalduko dizkigu Basazabal jauregian urriaren 11n, 18:00etan", azaldu dute antolatzaileek. Abellak berak irekiko du erakusketa, eta asteburu osoan zehar izango da ikusgai Basazabalen.

Tuba Jaialdiaren barruan eskainiko dituzten tailerretan izena emateko epea zabalik dago jada. Honako lotura honetan egin daiteke izen-ematea, eta urriaren 9a izango da horretarako azken eguna.

Korrontzi taldearen kontzertua

Bizkaiko Korrontzi taldea Azpeitian izango da aurtengo jaialdian parte hartzen. Folk musika eta trikitia uztartzen ditu Korrontzik, eta haren abestiak tuba bandarako prestatu ditu Juan Carlos Ribellesek. Hain zuzen ere, Korrontzi Tuba Band ikuskizuna eskainiko dute Korrontzik eta tuba nahiz bonbardino jotzaileek. Emanaldia urriaren 12an, larunbata, izango da Soreasu antzokian, eta dagoeneko eros daitezke sarrerak kulturaz.eus atarian. Sarrerek hamar euro balioko dute aurrez, eta hamabi euro egunean bertan. Antolatzaileek azaldu dutenez, Korrontzi Tuba Band ez da izango jaialdiaren barruko kontzertu bakarra; beste hiru kontzertu ere izango dira, gutxienez.

Ez da Tuba Jaialdiaren barruan halako emanaldi berezi bat antolatzen duten lehen aldia; izan ere, 2015ean Kepa Junkera eta Sorginak izan ziren jaialdian parte hartzen.

Hona hemen X. Tuba Jaialdiaren egitaraua osorik
 
Urriak 11, ostirala:

18:00. Tuba historian zehar erakusketaren irekiera Basazabal jauregian, Oscar Abellaren eskutik.

23:00. Tuba Polkak kontzertua, Sanagustin kulturgunean.

Urriak 12, zapatua:

09:00. Korrontzi Tuba Band kontzertuaren aurkezpena, Udal Musika Bandaren egoitzan.

10:00. Aire metalezko jardunaldia David Muñozen eskutik, Basazabal jauregian.

11:00. Miraphone Tuba Elektra modeloaren aurkezpena, Pablo Fernandezen eskutik, Basazabalen.

11:30. Hamaiketakoa, Zokoa elkartean.

13:30. Aire metalezko musikari gazte eta afizionatuen kontzertua, Basazabalen.

14:30. Bazkaria.

16:30. Korrontzi Tuba Band kontzertuaren prestaketa, Soreasu antzokian.

20:00. Korrontzi Tuba Band kontzertua, Soreasun.

Urriak 13, igandea:

13:00. Bandaren eta bakarlarien kontzertua, Soreasu antzokian.