Migratzaileen eta Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna ari dira ospatzen Loiolan

Uztarria.eus 2019ko ira. 29a, 14:26

Hainbat eta hainbat lagun Migratzaileen eta Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna ari dira ospatzen gaur goizaz geroztik Loiolan. Gipuzkoako Etorkinen Pastoraltzak, Gipuzkoako Caritasek, Loiolako Santutegiak, Loiola Zentroak eta haren barruko Kulturarteko Mahaiak antolatu dute egitasmoa, eta eguraldia lagun, giro ezin hobea sortu da basilikaren atarian. Herrialde desberdinetako produktuak dastatzeko aukera izan da bertan; izan ere, hainbat postu jarri dituzte zabalgunean. Gainera, Itsasi taldeko kideek hainbat dantza egin dituzte trikitilarien doinuek lagunduta, eta haien ostean Nikaraguako dantzari batzuek ere erakutsi dituzte haien abileziak.

Segidan ekitaldi instituzionala egin dute basilikaren aurreko eskaileretan. Bertan parte hartu dute Ina Etxarte Loiolako Santutegiko erretoreak, Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak eta Janire Igoa Azkoitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak. Etxartek eman die hasiera hitzartzeei, eta hark gogorarazi du herritar oro dela migratzailea, eta ongietorria eman die Loiolan elkartu diren herritar guztiei. Alkortak azaldu duenez, errefuxiatuen errealitatea "gogorra" da gaur egungo Europan: "Milaka eta milaka dira beren herrialdeetatik ihes egin behar duten pertsonak, hala nola gerrengatik, eskubide urraketengatik... Eta mediterraneoko uretan direnean laguntza eman beharrean, trabak besterik ez dizkiete jartzen Europako estatuek". Azpeitiko alkateak "beraiekin" daudela jakinarazi die Loiolan bildutako migratzaileei nahiz errefuxiatuei: "Gure herria aberastu besterik ez duzue egiten. Bizitza hobe baten bila etorri ohi zarete, eta horixe opa dizuet, egunero-egunero egun hobea izatea". Alkortak, gainera, eskerrak eman dizkie Loiolako Santutegiko eta Loiola Zentroko kideei, errefuxiatuen eta migratzaileen gaia ezagutarazteko egiten duten lanagatik.

Igoak gaurkoa "indibidualismoak alde batera" uzteko eta arrazoi desberdinak medio beren jaioterriak uzteko beharra ikusi duten herritarrei babesa emateko eguna dela azpimarratu du: "Merezi duten duintasuna eskainiko dien tokia aldarrikatzeko eguna da". Hark bidegabekeriak sahiesteko beharra ere izan du hizpide: "Guztiok gara pertsonak, guztiok merezi dugu errespetua. Gure txikitasunean lagun dezakegu injustiziak ekiditen; hori da egin beharreko bidea". Erronka bat ere aipatu du Azkoitiko zinegotziak: "Mundu hobe, justuago eta solidarioago bat eraiki behar dugu. Izan ere, denon artean askoz ere hobeto biziko garelakoan nago".

Ez da soilik migratzaileen kontua lelopean ari dira eguna ospatzen, eta eguerdi partean jendetza izan da Loiolan. Hain zuzen ere, kulturaniztasunaren lekuko bilakatu da gaur gunea. Arratsaldean ere jarraituko du festak; izan ere, bazkariaren ostean, 17:30ean, manifestua irakurriko dute han elkartutako lagunek.