Angel Otaegiri omenaldia egin diote Nuarben

Uztarria.eus 2019ko ira. 28a, 15:40

Atzo, ostirala, 44 urte beteko ziren Francoren erregimenak ETAko kide Angel Otaegi nuarbetarra eta Juan Paredes Manot Txiki zarauztarra hil zituela, FRAPeko beste hiru kiderekin batera. Horren harira, atzo Otaegi oroitu zuten Nuarbeko hilerrian, eta gaur, zapatua, omenaldia egin diote haren jaiotetxearen aurrean senideek, lagunek eta hainbat herritarrek. Ekitaldia musikaz eta olerkiz girotu dute, eta ondoren, Otaegiren familiako kideei aurreskua dantzatu eta lore sorta bana oparitu diete. Omenaldia amaitu ostean, mokadutxoa egin dute hara joan direnek.

2016ko irailean kereila kriminala jarri zuen Otaegiren familiak Azpeitiko epaitegian, haren hilketaren erantzuleak zeintzuk diren argitzeko eta horiei ardurak eta erantzunkizunak eskatzeko, baina urte hartako abenduan jakinarazi zuten epaitegi horrek ez zuela kereila tramitera onartu. Hori dela eta, familiak helegitea jarri zuen Gipuzkoako Lurralde Auzitegian. Dena den, helegite hura ere ez zuen onartu epaitegi horrek. Hori horrela izanik, udalak eta Otaegiren familiak 2017ko irailean jakinarazi zuten beste bide batetik aurrera jarraituko zutela kereilarekin. Hain zuzen ere, Argentinara bideratu zuten kereila.

Hona hemen Otaegiren omenaldiko argazki bilduma: