Atzo Azkoitian estreinatuta, urriaren 11n Azpeitian aurkeztuko dute 'Marea Urdina' filma

Uztarria.eus 2019ko ira. 28a, 13:10

Atzo, ostirala, egun handia izan zen Marea Urdina elkarteko kideentzat; izan ere, atzo aurkeztu zuten Marea Urdina filma jendaurrean. Azkoitiko Baztartxo antzokian eman zuten filma, eta aretoa jendez leporaino bete zen. Emanaldia bukatzean, Marea Urdinako kideek Marea Urdina Naiz ziurtagiria eman zieten Azkoitiko Ttipi-ttapa elkarteko ordezkariei. Ondoren, berriz, hainbat lagun igo zen agertokira Marea Urdinaren bideokliparekin dantza egitera –argazkian–.

Atzokoa ez da izango filmaren aurkezpen bakarra: urriaren 11n, ostirala, Soreasu antzokian aurkeztuko dute ikus-entzunezkoa. Marea Urdina filmak aniztasun funtzionala duten pertsonen aldeko elkartearen iragana eta oraina jasotzen du, baita Marea Urdina taldeak etorkizunerako dituen erronkak ere.