'Spider-Man: lejos de casa' filma emango dute asteburuan Soreasun

Uztarria.eus 2019ko urr. 3a, 10:25

Spider-Man: lejos de casa filma ikusi ahal izango da igandean eta astelehenean Soreasu antzokian. Igandean bi emanaldi izango dira: 16:30ean eta 19:30ean. Astelehenean, ikusleen egunean, berriz, 21:00etan ikusi ahal izango da filma. Dagoeneko Interneten eskura daitezke emanaldi horietarako sarrerak, 4,5 euroren trukean. Asteleheneko emanaldirako sarrera, berriz, 3,5 euro ordaindu beharko da. Emanaldien egunetan ere eskuratu ahalko dira sarrerak, Soreasu antzokiko leihatilan.

Spider-Man: lejos de casa filma AEBetan aurten ekoiztutako filma da, eta Jon Watts da lanaren zuzendaria. Honako hau da filmaren sinopsia: "Peter Parker eta bere ikaskideak Europara doaz ikasbidaiara. Peterrek bere superheroi papera alde batera utzi nahi du bidaia hori gauzatzen duen bitartean, baina ezinezkoa egingo zaio Nick Furia bere bila etortzen denean. Hark laguntza eskatuko dio planeta guztian kaosa sortzen ari diren zenbait izaki beldurgarriri aurre egiteko". Tom Holland aktoreak hartu du berriro ere Spider-Manen papera pelikula honetan, eta Zendaya, Marisa Tomei, Jake Gyllenhaal, Cobie Smulders, Tony Revolori eta Michael Keatonek osatzen dute aktoreen zerrenda.