Dozenaka lagun izan dira 'Bizitza Amazoniaren alde' filmaren emanaldian

Uztarria.eus 2019ko ira. 26a, 10:13

Joan zen asteartean Bizitza Amazoniaren alde filmaren emanaldia izan zen Soreasuko Sebastian Donearen parrokian, eta 50 bat lagun izan ziren bertan Alejandro Labaka goitzain zenaren eta Ines Arango moja zenaren bizitzaren eta heriotzaren dokumentala ikusten. Izan ere, Labaka eta Arango omentzeko ekintzak antolatu dituzte Urola bailarako parrokiek, Misio Ordezkaritzak eta kaputxinoen komunitateak, bi misiolariak 1987ko uztailaren 21ean hil baitzituzten Amazoniako oihanean. Ikus-entzunezko emanaldiaren ostean hitzaldia eman zuen Txarli Azkona kaputxinoak; Amazoniako errealitateaz aritu zen hizketan, ondo ezagutzen baitu leku hori.

Hainbat egitasmo prestatu dute bi misiolarien heriotzaren urtemuga tarteko, eta horietako bat izan zen dokumentalaren emanaldia. Horrez gain, ikusgai da Labakaren eta Arangoren ibilbidea azaltzen duen erakusketa; Soreasuko Sebastian Donearen parrokian izango da hilaren 29ra arte. Astelehenetik larunbatera, 10:00etatik 12:30era eta 17:00etatik 19:00etara bitartean ikus daiteke erakusketa –hileta elizkizuna egotekotan, aldiz, 18:30era arte–. Bestalde, urriaren 19an, Urrestillatik Beizamara, Labakaren jaioterrira, ibilaldia egingo dute. Egitasmoen gaineko informazio guztia honako lotura honetan eskura daiteke.