Aritz Orbegozo: "Herritarrei eskerrak emateko egin dugu 'Marea Urdina' lana"

Uztarria.eus 2019ko ira. 26a, 11:57
‘Marea Urdina’ filmaren grabaketako irudi bat.

Bihar ikusi ahal izango da aurreneko aldiz Marea Urdina izeneko ikus-entzunezkoa Azkoitiko Baztartxo antzokian, 19:00etan. Lanak Marea Urdina filmak aniztasun funtzionala duten pertsonen aldeko elkartearen iragana eta oraina jasotzen du, baita Marea Urdina taldeak etorkizunerako dituen erronkak ere. Uztarria.eus-ek Aritz Orbegozo Marea Urdina elkarteko kide azpeitiarrarekin hitz egin du ikus-entzunezkoaren estreinaldiaren atarian.

Bi egun baino ez dira falta Marea Urdina elkarteak izen bereko filma aurkezteko. Ostiralean ikusi ahal izango da aurreneko aldiz Marea Urdina izeneko ikus-entzunezkoa Azkoitiko Baztartxo antzokian, 19:00etan. Lanak Marea Urdina filmak aniztasun funtzionala duten pertsonen aldeko elkartearen iragana eta oraina jasotzen du, baita Marea Urdina taldeak etorkizunerako dituen erronkak ere. Aritz Orbegozo elkarteko kideak azaldu duenez, "ilusio ikaragarriarekin" egin dute lana, eta "oso gustura" daude labetik ateratzear den lanaren emaitzarekin. "Marea Urdina zer den islatu nahi genuen, etorkizunera begira zer garen azaltzea; izan ere, Marea Urdina ez da iazko itsas zeharkaldia soilik". 

Quartan enpresa arduratu da irudien grabaketaz eta zuzendaritzaz nahiz produkzioaz Marea Urdina arduratu da. Joan zen urtean Marea Urdinak antolatu zuen itsas zeharkaldia da filmaren denbora lerroa: "Zeharkaldi hartan parte hartu zuten lagunak, laguntza eman zigutenak, Marea Urdinak antolatutako egitasmoetan parte hartu dutenak, aniztasun funtzionala duten eskualdeko kideen senideak eta abar elkarrizketatu ditugu, eta horiek dira protagonistak. Horiekin guztiekin zorretan geunden, eta hauxe da gure ordaina; herritarrei eskerrak emateko egin dugu lana". Orbegozoren arabera, etorkizunarekin ere lotu nahi izan dute Marea Urdinaren iragana: "Sortu berri dugun elkarteko kideek ere hitz egiten dute filmean, aurrera segitzeko zer garen azaltzea nahi genuelako".

Ekainean eta uztailean grabatu zituzten elkarrizketak, eta estreinaldia gainean den honetan filmari azken ukituak ematen ari direla esan du azpeitiarrak. Dena den, ostiralerako den-dena prest izango dute, eta herritarrei Baztartxora joateko deia egin die Orbegozok: "600 lagunentzat lekua dago Azkoitiko antzokian, eta hura betetzea nahi dugu. Ia lortzen dugun; izan ere, herritar guztiena da filma".

Hona hemen, Marea Urdina filmaren trailerra:

Azkoitiko III. Lasterketa Solidario Inklusiboaren atarian antolatu dute estreinaldia; izan ere, zapatuan izango da lasterketa –17:00etan izango da umeena, eta 18:00etan helduena–, eta aurtengo egitasmoan bildutako dirua Marea Urdinarentzat izango da. Horrez gain, Urola bailarakoak diren eta aniztasun funtzionala duten herritarrak oinarri hartuta, Ezagutu nazazu sentsibilizazio erakusketa zabalduko dute Azkoitiko Torre Zuri aretoan: zapatuan 10:30etik 14:30era eta 16:30etik 20:00etara egongo da zabalik, eta 11:30etik 14:30era eta 16:30etik 20:30era igandean. Asteburuko egitasmoen gaineko informazio guztia Maxixatzen.eus-en irakur daiteke.