Euskal Herriko Lehen Mailako Aizkora Txapelketari ekiteko prest da Mikel Larrañaga

Uztarria.eus 2019ko urr. 3a, 11:01
Mikel Larrañaga Gipuzkoako Txapelketako finalean. (Ibon Errazu)

Mikel Larrañagarekin batera beste hamar aizkolari ere ariko dira lehian. Sailkapen saioa zapatuan izango da, Gasteizen, eta denbora onenak lortzen dituzten sei aizkolariak igaroko dira urriaren 27ko finalera. Iaz hirugarren egin zuen azpeitiarrak finalean.

Ate joka da Euskal Herriko Lehen Mailako Aizkora Txapelketa, eta Mikel Larrañaga aizkolari azpeitiarra lehiari ekiteko prest dago. Larunbatean jokatuko dute kanporaketa 11 aizkolarik Gasteizko Foruen plazan (18:00), eta sei aizkolari sailkatuko dira finalera.

Mikel Larrañagarekin batera ariko dira kanporaketan Aitzol Atutxa, Iñaki Azurmendi, Eneko Otaño, Julen Alberdi, Ugaitz Mugertza, Jesus Mari Mujika, Luis Txapartegi, Jon Rekondo, Iker Vicente eta Ruben Saralegi, eta horiek guztiek 54 ontzako, 60 ontzako eta 72 ontzako bina enbor ebaki beharko dituzte.

Lan horiek egiten denbora onena lortzen duten sei kirolariak igaroko dira finalera. Finala ere Gasteizen izango da. Urriaren 27rako jarri du hitzordua Euskal Herriko Herri Kirol Federazioak; 12:00etan hasiko da lehia, Gasteizko Iradier Arenan.

Azken bost urteetan jarraian Aitzol Atutxa dimoztar aizkolariak jantzi du Euskal Herriko txapela. Iaz hirugarren sailkatu zen Larrañaga, Iruñean jokatutako finalean. Lehen hiru lehenengoen artean sailkatuta, "gustura" agertu zen finalaren ostean azpeitiarra. "Nire burua lehen hiruren artean ikusita, aurrera segitzeko gogotsu nago; entrenatzen segitzeko gogo gehiago piztu zait", azaldu zuen hark.