Etxebizitza molde berriak aztertzeko prozesuaren barruan, bi hitzordu zehaztu dituzte urrirako

Uztarria.eus 2019ko ira. 25a, 17:29

Prozesuko hirugarren eta laugarren bilerak urriaren 1ean eta 22an izango dira, 18:30ean hasita, Basazabal jauregian. Bilerak irekiak izango dira, eta nahi duen herritar orok izango du horietara joateko aukera. Udalak uda aurretik jarri zuen martxan Azpeitia, elkarrekin bizi prozesua, herritarren etxebizitza beharrei erantzuna emateko eta babestutako etxebizitza eskaintza zabaltzeko.

Azpeitiko Udalak molde berriko etxebizitzei lotutako Azpeitia, elkarrekin bizi prozesuaren barruko bi bilera antolatu ditu urrirako. Prozesuko hirugarren eta laugarren bilerak urriaren 1ean eta 22an izango dira, 18:30ean hasita, Basazabal jauregian. Prozesua uda aurretik jarri zuten martxan, herritarren etxebizitza beharrei erantzuna emateko eta babestutako etxebizitza eskaintza zabaltzeko, eta bide horretan egingo dituzte datozen bi bilerak ere. Izan ere, udalak azaldu duenez, prozesuaren xedea da herritarrek duten molde berriko etxebizitza eskaerari edo beharrari erantzuna ematea.

Etxebizitza molde berri horiek diseinatzeko eta definitzeko prozesua da martxan dagoena, eta uda aurreko bi bileren gisan, Hiritik At elkarteak gidatuko ditu urriko bilkurak ere. Prozesua aurkeztu zutenean izena eman zuten 30 lagun inguru aritu dira orain arteko bileretan parte hartzen, baina udalak adierazi duenez, nahi duen herritar orok izango du datozen hitzorduetara joateko aukera. Horiek bileretara agertuta aski izango dute, baina orain arteko prozesuaren informazioa jaso nahi dutenek komunikazioa@azpeitia.eus helbidera mezua idatz dezakete.