Bertso-ibilbideko pasarteak

Jose Luis Gorrotxategi 'Bertsolari' aldizkarian 2019ko ira. 25a, 12:44
Jose Luis Gorrotxategi (Bertsolari aldizkaria)

"1963ko martxoaren 3an Bergarako pilotalekuan jendaurrean lehenbiziko saioa egin nuen hamazortzi urte bete berri nituela. Mutiko argal, lotsati, isil eta ile-tente bat nintzen. Orduan hasi nuen bideak iazko urriaren 21era arte jarraitu du". Hala dio Jose Luis Gorrotxategi bertsolari ohiak Bertsolari aldizkarirako idatzi duen esker gutunean. Uztarria.eus-ek hona ekarri du Azpeitiko bizilagunak idatzitako artikulua.

Xalbador egunean egin nuen azken saioa, Urepelen. Xalbadorri diodan miresmena eta errespetuagatik aukeratu nuen Urepele nire ibilbideari amaiera emateko. Berrogeita hamabost urte joan dira bitartean. Gogoan dut debutean abestu nuen bertsoaren amaiera:

Etortzearren eskerrik asko
o, Bergarako lagunak.
Eta gainera besarkada bat
bihotzeko euskaldunak

Berrogeita hamabost urte geroago, Urepelen bertso honekin egin nuen azkeneko agurra:

Xalbadorrekin ni txapelketan
nintzela oso mutiko,
nik ekainaren hamaika hura
gogoan daukat betiko.
Orduan hasi nuen bidea
gaur bukatzen da ta kito,
urtetan ere aurrera noa
ez naiz lehen bezain sasoiko.
Agur Xalbador, agur Urepel,
berriz ez naiz etorriko.

Nola ez izan gogoan 1967ko ekainaren 11!

Egun hartan ezagutu nituen Xalbador eta Mattin. Ni soldadu nengoen Cadizko San Fernandon, eta baimena eman zidaten etortzeko. Zozketak hala erabakita, goiz eta arratsalde Xalbadorrekin kantatzea egokitu zitzaidan. Eguna ondo zihoan oso, Alfonso Irigoienek Uztapiderekin buruz burukoa jokatzeko Xalbador pasatzen zela esan zuen arte. Hura iskanbila! Ahazteko gertakari hobeak dira, baina zaila da ahaztea: buruan iltzatuta geratu zitzaidan niri. Eta, beste askori ere bai, segur aski. Orduan hogeita bi urte nituen, eta han ikusi nuen bertsolariek txalo zaparradak jasotzen zituztela, baina txistuak entzuteko ere arriskua zegoela, nahiz eta txistu haiek epaimahaiari jotakoak izan. Txapelketa hura zela tarteko, gertaera bitxi bat izan nuen kanpamentutik San Fernandoko tren geltokira iritsi nintzenean. Hiru lagun zeuden bertan, bi guardia zibil eta gizonezko dotore bat, traje ilun batekin. Trena noiz irteten zen jakin nahi nuen, eta guardia zibilak utzi eta gizon dotore harengana joan nintzen.

¿Sabe usted cuándo sale el tren Talgo en dirección a Madrid?

Hori esan nionean, begira-begira jarri, eta esan zidan:

-Txo, ondino ezta irten, baina laster irtengo dau.

Hura poza nirea! Esan zidan marina mercanteko kapitaina zela, eta etxera zetorrela oporretan. Eta galdetu zidan ea nola soldadu joan eta hain azkar eman zidaten baimena. Erantzun nion bertsolaria nintzela eta txapelketara nentorrela.

-Bertsolaria? Bada, ni Lopategiren laguna naiz –erantzun zidan.

Jarraitu artikulua irakurtzen Bertsolari.eus webgunean.