Estali gabeko igerilekuko erabiltzaile kopurua 3,9 puntu jaitsi da iaztik

Uztarria.eus 2019ko ira. 25a, 12:18
Kanpoko igerilekuko irudi bat.

Ekainaren 15etik irailaren 15era egon da zabalik kanpoko igerilekua, eta eguraldiak baldintzatuta, 92 egunetan ireki dute gunea. Aurten iaz baino 1.417 lagun gutxiago izan dira kanpoko igerilekuan. Kirol Patronatuak azaldu duenez, ekainaren 26a izan zen igerilekuan erabiltzaile gehien izan zen eguna.

Uda sasoia bukatuta, estali gabeko igerilekuko datuak jakinarazi ditu Azpeitiko Kirol Patronatuak. Haren arabera, uda sasoia "ona" izan da, eta horren isla dira datuak, nahiz eta iazko datuekin alderatuta zertxobait behera egin duen aurtengo erabiltzaiel kopuruak. Ekainaren 15etik irailaren 15era egon da zabalik kanpoko igerilekua, eta eguraldiak baldintzatuta, 92 egunetan ireki dute gunea. Egun horietako guztietako datuak kontuan hartuta, 35.832 erabiltzaile izan dira igerilekuan; 389 erabiltzaile, batez beste. Erabiltzaile gehien izan ziren eguna, berriz, ekainaren 26a izan zen: 1.308 lagun izan ziren igerilekuan.

Dena den, behera egin du aurtengo udan igerilekuko erabiltzaile kopuruak; iaztiko 3,9 puntu jaitsi da kopurua. Beherakada horren arrazoia ere azaldu du patronatuak: "Iaz izugarri egin zuen gora erabiltzaile kopuruak; izan ere, 2017an baino 10.000 erabiltzaile gehiago izan ziren kanpoko igerilekuan. Aurten, 1.417 lagun gutxiago izan dira". Zabalik izan zen garaian igerilekura joan ziren erabiltzaileen %92 ziren Kirol Patronatuko bazkideak.