Kodaore herriko judo talde berria ikasturteari ekiteko prest da

Uztarria.eus 2019ko ira. 25a, 12:19
Kodaore judo taldearen sustatzaileak.

Kimura judo klubeko zenbait kidek beste kirol talde bat osatu dute: Kodaore. Urriaren 1ean hasiko dituzte saioak, eta Landetan hartu duten lokala bisitatzeko aukera izango da bihar.

Kimura judo klubean zebiltzan pertsona batzuek beste kirol talde bat sortu dute: Kodaore. Talde horretako kideek lokal bat hartu dute Landetan –Nafer ondoko sarreran, 1 zenbakidun lokala–, eta prest daude ikasturte berriari ekiteko. Hori bai, ez dute nahi inor baldintzatzea. "Ez dugu nahi inor konpromisoan jartzerik, inork kiroldegian jarraitzea nahiko balu gure aldetik ez du aurpegi txarrik aurkituko, norberak klub bat edo besta libre aukeratzea nahiko genuke. Gurekin etortzea gustatuko litzaiguke, noski, baina konpromisorik gabe", azaldu dute.

Kodaore taldeko ordezkariek azaldu dutenez, denak berdin jarraituko du, baita saioetako kuotak eta irakasleek ere. Urtero bezala, urriaren 1ean herritarren zain izango dira. Astearteetan eta ostegunetan izango dira saioak. 17:30etik 18:30era, 5-7 urte bitartekoei zuzendutako eskolak emango dituzte; 18:30etik 19:30era, 7-13 urte bitartekoentzat; eta 19:30etik 20:30era, 13 urtetik gorakoentzat. Inork kirol taldearen lokala ikusi nahiko balu, bihar, osteguna, 19:00etan bertaratzeko aukera izango du.