Artetxe aurreko bidea ibilgailuentzat zabalduko dute bihar

Uztarria.eus 2019ko ira. 24a, 16:59
Gunea egokitu dute, oinezkoentzat leku segurua izan dadin.

Norantza bakarrean zabalduko dute: Artzubiatik Olazko Amaren plazara. Hori dela eta, Bustinzuriko Errebala ere noranzko bakarra izatera itzuliko da. Asteburuetan eta jaiegunetan itxi egingo dute pasabidea. Udalak hainbat lan egin du oinezkoen segurtasuna bermatzeko.

Bihar, asteazkena, zabalduko dute hainbat hilabetez ibilgailuentzat itxita izan den Artzubiako biribilgunetik Olazko Amaren plazarainoko bidea. Alberdienea guneko etxebizitzen obrak direla-eta egon da Artetxe aurreko bidea itxita, baina bihar irekiko dute, noranzko bakarrean. Hain zuzen ere, Artzubiatik Olazko Amaren plazarako norantzan joan ahal izango dute ibilgailuek. Horrenbestez, Bustinzuriko Errebala ere noranzko bakarra izatera itzuliko da; Olazko Amaren plazatik Arana kalera. Aldaketa horiek tarteko, Olazko Amaren plazara, Goikokalera nahiz Bustinzuriko Errebalera ibilgailuz joan nahi duten herritarrek Artzubiatik sartu beharko dute; irten, aldiz, Errebaletik.

Asteburuetan eta jaiegunetan itxi egingo dute pasabide hori; hau da, obrak hasi aurretik bezalaxe. Hori dela eta, larunbat eguerditik astelehen goizera bitartean itxita izango da Artzubiatik Olazko Amaren plazarako bidea. Azken egunetan itxita izan den eremu hori egokitzen aritu da udala, oinezkoentzat "gune segurua" izan dadin. Besteak beste, oinezkoentzat pasabidea egokitu eta zebrabidea pintatu dute.