Juaristi ISBk ezin hobeto hasi du denboraldia

Uztarria.eus 2019ko ira. 24a, 12:19
Juaristi ISBko jokalariak Marbellan jokatutako partidan. (ISB)

Azpeitiko taldeak aise irabazi zuen zapatuan Marbellaren aurkako partida; 52 eta 79 nagusitu zen Juaristi ISB. Datorren igandean etxean jokatuko dute mutilek denboraldiko bigarren partida, 18:00etan hasita, Bodegas Rioja Vega taldearen kontra. Osatu dute dagoeneko denboraldi berrirako taldea. Añares Rioja ISBko neskek, berriz, urriaren 6an hasiko dute denboraldi berria, Sinergia Real Canoeren kontra. Azkoitiko kiroldegian jokatuko dute neurketa, 11:00etan hasita.

Juaristi ISBk ezin hobeto hasi du Zilarrezko LEB Mailako 2019-2020 denboraldia; izan ere, 52 eta 79 irabazi zuen Marbellaren aurka larunbatean jokatutako denboraldiko lehen norgehiagoka. Azpeitiko taldea aise nagusitu zen, partida guztian aurretik izan baitzen ISB. Hurrengo partida etxean jokatuko du Juaristi ISBk; hain zuzen ere, Bodegas Rioja Vega taldea izango du aurrez aurre. Igandean, 18:00etan izango da partida, Azpeitiko kiroldegian.

Taldea osatu du dagoeneko Juaristi ISBk. Entrenatzaile lanetan Iñaki Jimenez ariko da, eta Goar Artetxe izango da haren laguntzailea. Honako jokalari hauek jarraituko dute taldean: Xabier Beraza, Iker Salazar (kapitaina), Beñat Hevia eta Spencer Reaves. Aldiz, honako jokalari hauek batu dira taldera denboraldi berriaren atarian: Ierai Aizpitarte, Jaron Cornish, Hugo Bartolome, Jakob Lowrance eta Anton Dziuba. Horiez gain, ISBren gizonen lehen taldera itzuli da Ibon Guridi azpeitiarra ere. 2017-2018 denboraldia bukatzean lehen taldea utzi zuen Guridik, eta berriz itzuli da gorenera. Honako lagun hauek utzi dute aurten taldea: Lolo Encinas, Mikel Sanz, Asier Azpeitia nahiz Ander Merketegi.

Añares Rioja, hasteko prest

Añares Rioja ISBko neskak hasi dira dagoeneko denboraldia prestatzen. Asteburuan jokatu zuten Euskal Kopako partida Ardoi Nafarroako Fundazioaren kontra, eta neurketa galdu egin zuen ISBko nesken lehen taldeak, 83 eta 63. Entrenamendu saioekin jarraitzen dute, ordea; izan ere, urriaren 6an jokatuko dute emakumeek LF2 Mailako 2019-2020 denboraldia. Sinergia Real Canoeren kontra neurtuko dituzte indarrak, Azkoitiko kiroldegian, 11:00etan.

Taldea osatu dute dagoeneko Luis Agirre, Eneko Artola eta Asier Larrañaga entrenatzaileek. Honako jokalari hauek jarraituko dute Añares Rioja ISBn: Intza Lizarazu (kapitaina), Alazne Lizundia, Libe Villar eta Jessica Fequire. Gainera, honako kirolari hauek batu dira taldera: Maite Merketegi, Maite Zubizarreta, Sara Iparragirre, Cecilia Muhate, Jaisa Nunn eta Andjela Radovic. Aldiz, Garazi Arregik, Nerea Soraluzek eta Marita Davydovak taldea utzi dute, arrazoi desberdinak tarteko.