Ikusmin handia piztu du Stock Azokaren lehen egunak

Uztarria.eus 2019ko ira. 20a, 20:23

Hasi da Bertan merkatarien elkartearen Stock Azoka. 16:00etan hasi dira dendariak beren produktuak ohi baino prezio merkeagoan saltzen, eta jendetza ibili da herriko kaleetan barrena, zer topatuko. Gaur, 20:30ean itxiko ditu azokak ateak, eta bihar berriz zabalduko dute, goizez eta arratsaldez: 10:00tatik 14:00tara eta 16:00tatik 20:30era.

Aurtengoan, guztira 44 saltoki ari dira parte hartzen azokan. Stockaren gune nagusia Azoka Plaza dago; bertan, 23 postu aurkit daitezke: Zuri Beltz, Pipes/Zume, Aitzaki kirolak, Larrañaga kirolak, Koket, Mina mertzeria, Martina Isasti, Arrospide, Koh Tao, Alar Mertzeria, Arku, Mugi kirolak, Babesa moda, Esnaola elektrizitatea, Haurtxoa, Ilargi, Nerea eskulanak, Oinkari, Otola, Tienda Azul, Tilin-Talan, Ubbo eta Jostaldi Kirolak.

Horiez gain, beste 22 postu aurki daitezke herriko kaleetan, bakoitza bere saltoki aurrean: Erdikalean, Agirre Opariak, Geu, Gertu lurrindegia, Biur, Azkue, Iosu Optika, Furundarena, Luix Beltza, Jostaldi eta Ufito; enparantza nagusian, Frida, Bossi, Oskarbi eta T-Wild; Balentina Agirre plazan, Edurne oinetako eta osagarriak; eta Jose Artetxen, Ikus optika, Boers, Ostadar optika, Inar optika, Kukua, Arantxa haur denda eta Alzuaran.

Dibertsioa ere bai

Stock Azokaren edizio honetan, deskontuak eta eskaintzak lortzeko aukeraz gain, dibertsioa ere ziurtatuta izango da. Gaur arratsaldean, 16:00tatik aurrera, puzgarriekin jolas egiteko aukera izan dute haurrek, eta stockean erosketa egiteagatik pintxoa doan lortu ahal izango dute herritarrek. Gainera, herriko hainbat eragilek, tartean musika eskolak, emanaldi bat eskainiko dute 18:30ean, plazan. Bihar, berriz, haurrentzako tailerrak izango dira 17:00tan hasita, eta Plaza Txikian, 18:00tan, gazteei eta herritar guztiei zuzenduriko zumba kalejira izango da.

Zozketa bat ere izango da egitasmoaren bueltan. Azpeitiko etxe guztietara banatuko dituzte Stock Azokako informazioa jasotzen duten eskuorriak, eta eskuorri horiek hiru ehun euroko erosketa bonoren zozketan sartzeko aukera emango dute. Horretarako, eskuorria kontaktu datuekin bete eta Azoka Plazan, Erdikalean eta Jose Artetxen jarriko diren kutxetako batean sartu beharko da Stock Azokak dirauen bitartean. Azoka ixtean, bihar, 20:30ean, izena eman dutenen artean zozketa egingo dute.

Berrikuntza moduan, bizikleta elektriko bat ibiliko da herriko kaleetan zehar ekintza iragarriz eta inguruak musikatuz.