Maria Jesus Etxeberria: "Iraileko egun hauek ematen digute urteari eusteko modua"

Gipuzkoako Hitza 2019ko ira. 20a, 13:33
Maria Jesus Etxeberria Zelatungo Antonioren Bordako nagusia, iraileko erromeria igande batean.

Senarraren eta bien esku dago Antonioren Bordaren ardura, eta egunotan lanean lepo dabiltzala azaldu du Etxeberriak. Igandekoa antolatzen igarotzen dute astea. Joan den igandean, 28 lagun aritu ziren laguntzen. Eider Goenaga Lizasok 'Gipuzkoako Hitza'-rako egindako elkarrizketa da honakoa.

Bederatzi urte daramatza Maria Jesus Etxeberriak (Urrestilla, Azpeitia, 1965) Zelatungo Antonioren Bordaren kargu. Iraileko igandeak iristeko zain egiten dute urtea, eta erromeria egun horiei esker lortzen dute urte osoan bizibidea ateratzea. Zelatunen dauden bi borden artean antolatzen dituzte iraileko erromeriak.

Pasatu dira jada hiru igande. Zer moduz joan dira?

Triste samarrak izan ziren aurreneko biak; eguraldiak ez zuen lagundu. Baina ederra izan zen azken igandea. Arratsaldean zaparrada bota zuen, baina ordura arte gustura eta giro ederrean aritu zen jendea. Orain, ea zer gertatzen den hurrengo bietan; gu lepo ari gara hori prestatzeko lanean.

Aurten bost igande ditu irailak. Lan gehiago emango dizue horrek, ezta?

Bueno, iaz ere bost izan ziren, baina eguraldiaren araberakoa izaten da lana. Iaz, bai, giro ona egin zuen, eta lan asko egin genuen. Dena den, esan beharra dago Zelatungo erromeriei hasiera jartzen diena San Juan Txiki eguna dela, abuztuaren 29a. Seigarren festa eguna izaten da. Eta aurten, osteguna izan arren, eguraldi bikaina egin zuenez, jende pila bat etorri zen.

Noiztik egiten da San Juan Txiki eguna?

Lehen-lehen, ospatzen zen, baina urte askoan galduta egon da ohitura; San Juan Txiki beti ospatzen delako abuztuaren 29an, eta, agian, asteguna bazen, txabolak itxita egoten ziren… Eta, noski, txabolak itxita, girorik ez, eta girorik ez bazen, jendea ez zen igotzen. Kontua da duela zortzi urte berreskuratu egin genuela, adineko jendeak kontatutakoari jarraituz; haiek esaten zigutenez, garai batean, irailekoen aurretik, San Juan Txiki eguneko erromeria egiten zuten, Iturriotzen dagoen San Juanen ermitatik abiatuta.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren webgunean.