Nagore Alkorta Eudeleko presidenteorde izendatu dute

Uztarria.eus | Politika
2019ko ira. 19a, 14:51

(Argazkia: Barren)

Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea Eudeleko presidenteorde izendatu dute gaur, Elgoibarren (Gipuzkoa) egin duten ekitaldian. Eudel Euskal Udalen Elkarteak gaur goizean egin du urteko batzar nagusia, 2019-2023 agintaldirako gobernu-organo berriak izendatzeko. Hautaketara zerrenda bateratua aurkeztu dute EAJk, PSE-EEk eta EH Bilduk, eta proposamen horretan jasota zegoen bezala, Gorka Urtaran Gasteizko alkatea (EAJ) izendatu dute elkarteko presidente, eta Jose Antonio Santano Irungo alkatea (PSE-EE) eta Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea (EH Bildu) presidenteorde.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 245 udal bazkidek izan dute botoa emateko aukera gaur 10:30ean hasita IMH kiroldegian egin duten batzar nagusian. Eudel 1982an sortu zen, eta kide dituen udalen interesak beste erakunde batzuen aurrean politikoki ordezkatzea da elkartearen helburua.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu