'Euskal kultur sorkuntzaren transmisioa. Sormenean hezi, kulturan bizi' jardunaldia egingo dute urriaren 19an

Uztarria.eus 2019ko ira. 19a, 14:00
Basazabal jauregien egingo dute jardunaldia.

Euskal kultur sorkuntzaren transmisioa egituratzeko eta sendotzeko helburuarekin antolatu dute jardunaldia. Hezkuntza arautuan jarriko dute arreta, eskola bitartekaritzaren egoeraz gogoeta egiteko, eta kulturaren irakaskuntzaren erronkak xehatzeko asmoz. Urriaren 19an, 09:00etatik 19:00etara izango da jardunaldia, Basazabalen. Izena eman daiteke dagoeneko.

Jalgik, Azpeitiko Udalak, Hik Hasik, Elkar fundazioak, Ikaselkarrek eta UEUk jardunaldi sorta bat antolatu dute, euskal kultur sorkuntzaren transmisioa egituratzeko eta sendotzeko helburuarekin. Norabide horretan, kultur bitartekaritzaren hainbat eremutara hurbilduko dira jardunaldiz jardunaldi, bitartekaritzan esku hartzen duten eragileen egoera ikusgarri egiteko, baina, batez ere, eragile horiekin batera esparruz esparru kultur bitartekaritzaren erronkak zehazteko: hezkuntza arautua, hezitzaileen formazioa, aisialdia, ekoizpena eta argitalpengintza, komunikabideak, kultur instituzioak...

Urriaren 19an egingo dute lehen jardunaldia, Azpeitian, Euskal kultur sorkuntzaren transmisioa. Sormenean hezi, kulturan bizi izenburupean. Lehen jardunaldian hezkuntza arautuan jarriko dute arreta, eskola bitartekaritzaren egoeraz gogoeta egiteko, eta kulturaren irakaskuntzaren erronkak xehatzeko asmoz. Nolanahi ere, hezkuntza arautuaren eta hezkuntza ez-arautuaren arteko zubi zenbait izango dituzte aipagai, bi eremuen arteko elkarlana eta osagarritasuna ardazten joateko.

Kezka batetik abiatuta ari dira sustatzaileak jardunaldi sorta prestatzen: "Azken hamarkadetan kultur sorkuntza zabaltzeko, transmititzeko eta gizarteratzeko moduak eraldatu dira: sorkuntza testuinguru berriak sortu dira, kultur industrian eraldaketak gertatu dira, kazetaritzaren parametroak aldatu dira, hezkuntza arautuan pedagogiak berritu dira, kultur sorkuntzaren berariazko irakaskuntza murriztu da, kultur kritikaren ekarpenak sakabanatu dira, eta abar. Testuinguru berri horrek modu berezi batean eragin du euskal kultur sorkuntzaren transmisioan, are ahulagoak direlako kultur egiturak eta kultur esparruak", azaldu dute. Egoera horren aurrean, jardunaldiek elkargune bat izan nahi dute, aurrera begira kultur sorkuntzaren transmisioaren inguruan eragin gune bilakatzeko asmoz.

Azpeitiko jardunaldia Basazabal jauregian egingo dute, eta hamar orduko iraupena izango du. Dagoeneko zabalik dago izena emateko epea; lotura honetan eman daiteke izena, urriaren 11ra bitartean. Matrikula orokorrak 35 euroko prezioa du; ikasleek, langabeek eta erretiratuek 20 euro ordaindu beharko dute; eta bazkideek, 26,5 euro.

Egitaraua

Hon hemen urriaren 19ko jardunaldiko egitaraua:

-08:30-9:00. Dokumentazioaren banaketa.

-09:00-09:15. Ongi etorri mahaia

-09:15-11:00. Hitzaldiak. Dinamizatzailea: Amaia Serrano (EHUko ikertzaile eta irakaslea, UEUkidea)

  • Kultur transmisioa, katebegi bat kulturaren unibertsoan. Olatz Osa (Elkar Taldeko argitaletxeen zuzendaria)
  •  (Euskal) Kulturak hezkuntza zeharkatzeko manerak. Iratxe Retolaza (EHUko ikertzaile eta irakaslea, UEUkidea)

-11:00-11:30. Atsedenaldia eta kafe etena.

-11:30-13:30. Kulturgintzaren transmisioa egunerokoan. Esperientziak. Dinamizatzailea: Gotzon Barandiaran (idazlea, Jalgi ekimeneko kidea, UEUkidea).

  • Arte eszenikoak: Pantxika Telleria (Koreografoa. ELIRALE dantza konpainia)
  • Musika: Musikariak Ikastetxeetan programa (Alberto Barandiaran. Kazetaria, idazlea. Nafarroako Hezkuntza Departamentuko teknikaria)
  • Literatura: Eskolako Literatur Kanona egitasmoa. (Amaia Irazusta. Nafarroako Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroa)
  • Arte plastikoak: Artaziak. Hezkuntza eta mediazio kulturala.

-13:30-15:00. Bazkaria.

-15:00-16:30. Mahai ingurua: Kultur transmisioa hezkuntza arautuan.

  • Arantxa Hirigoien, Ximun Fuchs
  • Ikastolen Elkartea (zehazteke nor)
  • Hezkuntza Publikoa (zehazteke nor)
  • Moderatzailea: Ainara Gorostitzu (Hik Hasiko kidea)

-16:30-18:00. Mahai ingurua: Kultur hezkuntza eskolan gogoetagai.

  • Mikel Artola (Bertsozale elkartea)
  • Oier Araolaza (Dantzan)
  • Nerea Permach (Irakaslea eta EHUko ikertzailea)
  • Haizea Barcenilla (EHUko ikertzaile eta irakaslea)
  • Moderatzailea: Amaia Serrano (EHUko ikertzaile eta irakaslea, UEUkidea)

-18:00-19:00. Itxierako saioa: Soreasuko sormen gunea ezagutzeko bisita gidatua (Kulturaz kooperatiba).