Lagun Onakeko gizonen gaurko partida doakoa izango da

Uztarria.eus 2019ko ira. 18a, 16:55
Lagun Onakek Tolosaren aurka jokatutako partidan hartutako irudi bat. (Otola)

Lagun Onak futbol taldeko Espainiako Hirugarren Mailako taldeak San Ignacioren kontra neurtuko ditu indarrak gaur, 20:00etan, Garmendipen. Neurketa astegunean eta ezohiko orduan egokitu denez, sarrera doan jartzea erabaki du klubak.

Lagun Onak futbol klubeko gizonen talde nagusiak ligako partida jokatuko du gaur, Gasteizko San Ignacio taldearen aurka. Garmendipe futbol zelaian neurtuko dituzte indarrak bi taldeek, 20:00etan hasita. Neurketa astegunean eta ezohiko orduan egokitu dela eta, klubak erabaki bat hartu du: sarrera doakoa izango da. Garmendipera jende gehiago joan dadin hartu du klubak neurri hori.

Espainiako Hirugarren Mailako taldeak ligako bosgarren partida jokatuko du gaur. Une honetan, bost puntu ditu taldeak; partida bat galdu, bat irabazi eta beste bi berdindu ditu. Sailkapenean hamargarren postuan dira gizonak.

Gaurko deialdian honako jokalari hauek sartu ditu Aitor Zubizarreta entrenatzaileak: Martin Artetxe, Aitzol Galarraga, Oinatz Elustondo, Hodei Tena, Aimar Leunda, Sergio Barkero, Igor Gonzalez, Andoitz Amenabar, Ugaitz Kerejeta, Aitor Andreano, Ekhi Gonzalez, Xabier Gereta, Joseba Manterola, Joanes Otamendi, Luken Iturrino, Ibai Salaberria eta Ander Donazar.

Taldeak igandean beste partida bat jokatuko du, Ariznabarraren aurka, etxetik kanpo. Gasteizen izango da neurketa, 12:00etan hasita.