Txisteratik Egun Magikoaren egitaraua, prest

Uztarria.eus 2019ko ira. 18a, 14:15

Urriaren 5ean magiak zipriztinduko ditu Azpeitiko kaleak egun guztian zehar. Egitasmoaren laugarren edizioa izango da aurtengoa, eta ohiko moduan, askotariko magia emanaldiak-eta izango dira herrian egun osoan zehar. Besteak beste, gertuko magia, Gran zampanoren eta Julen magoaren ikuskizunak eta gala nagusia izango dira egun horretan.

Jakinarazi dute IV. Txisteratik Egun Magikoaren egitaraua. Urriaren 5ean izango da Txisteratik eguna aurten, eta beste urteetan bezala, ekintza ugari izango dira egun guztian zehar.

12:30ean hasita, gertuko magia izango da Alde Zaharreko kaleetan zehar. Arratsaldean, Gran Zampano eta Julen magoaren ikuskizunez gozatu ahal izango da herriko kaleetan. 19:00etan, berriz, Txisteratik Gala Nagusia eskainiko dute Soreasu antzokian. Bertan parte hartuko dute Imanol Ituiño, Brando eta Silvana, Iagomago, Eriz Magoa eta Miguel Muñoz magoek, eta ikusleak magiarekin txunditzen saiatuko dira.