Parrokiara iritsi da Alejandro Labaka eta Ines Arango misiolarien omenezko erakusketa

Uztarria.eus | Gizartea
2019ko ira. 18a, 09:42

Alejandro Labaka eta Ines Arango misiolari beizamarra eta kolonbiarra omentzeko ekintzak antolatu dituzte Urola bailarako parrokiek, Misio Ordezkaritzak eta kaputxinoen komunitateak, eta datozen egunetarako hainbat saio prestatu dute bi misiolariek egin zuten lana ezagutarazteko. Izan ere, duela 32 urte, 1987ko uztailaren 21ean, Labakak eta Arangok Amazoniako oihanean "bizia eman" zutela gogoratu dute antolatzaileek: "Tribuen eta petrolio konpainien arteko gatazka medio, Amazoniako indigenak babestea izan zen Labakaren hautua". Hango tribuekin bitartekaritza lanean zebilela, huaorani indigenen etniako tagaeri taldekoek hil egin zuten beizamarra, Arango mojarekin batera. Joan zen irailaren 2an zabaldu zuten Labakaren eta Arangoren ibilbidea azaltzen duen erakusketa Azkoitiko parrokian, eta orain Azpeitira iritsi da. Atzotik dago ikusgai Soreasuko Sebastian Donearen parrokian, eta bertan izango da hilaren 29ra arte. Handik Bilbora mugituko dute erakusketa.

Besteak beste, Txinan, Ekuadorren eta Kolonbian egindako misio lanak ageri diren dozenaka argazkirekin osatu dute erakusketa antolatzaileek, eta Labakak berak idatzitako Crónica Huaorani liburua ere jarri dute salgai. Astelehenetik larunbatera, 10:00etatik 12:30era eta 17:00etatik 19:00etara bitartean ikus daiteke erakusketa. Hileta elizkizuna egotekotan, aldiz, 18:30era arte. Eraskusketa ez ezik, hitzaldia ere izango da Labakaren eta Arangoren lana aitortzeko. Joseba Bakaikoak solasaldia eskainiko du hilaren 24an, eta han ere Bizia Amazoniaren alde dokumentala eskainiko dute egun horretan.

Urriaren 19an, larunbatez, amaituko dira ekintzak. Urrestillatik Beizamara, Labakaren jaioterrira, ibilaldia egingo dute, eta honako egitarau hau izango dute egun horretan: 10:00etan elkartuko dira Urrestillan, eta han harrera, kantua eta otoitza egingo dituzte. Bidean, geldialdia egingo dute Nuarben, eta Labaka eta Arangoren oroitzeko tartea hartuko dute hainbat abesti kantatuz. Bigarren geldialdia, berriz, Beizamara bideko industria pabiloiletan egingo dute, eta naturaz hausnartzeko tartea hartuko dute han. Behin Beizamara iritsitakoan, meza egingo dute, eta ondoren, musika eta bertso saioak egingo dituzte Jon Lasa eta Anjel Mari Peñagarikanorekin. Beizamatik 16:30ean itzuliko dira herrira. Antolatzaileek hara joateko autobusak prestatu dituzte, eta horretarako parrokietako sakristian eman daiteke izena, bost eurotan. Azkoitian, 10:00etatik 12:00etara eta 17:00etatik 19:00etara artean eman beharko da izena.

Misiolari beizamarraren bizitza jasotzen duen dokumentalaren harira, erreportajea kaleratu zuen iaz Urola Kostako Hitzak. 

Ikusi argazki guztiak haundiago

 
Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu