Azpeitiko Beristain baserria konpontzeko dirulaguntza emango du Gipuzkoako Aldundiak

Uztarria.eus 2019ko ira. 17a, 20:54
Beristaingo etxeetako batzuk, Loiolatik ikusita.

Kultura departamentuak kultur ondarea zaharberritzeko eta sendotzeko onartu duen laguntza sail baten barruan onartu du aldundiak Beristain baserrietako baten teilatua –ez dute zehaztu zein– konpontzeko 22.000 euroko laguntza.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak laguntza onartu du Azpeitiko Beristain baserrietako baten teilatua konpontzeko. Ez dute zehaztu, ordea, zein etxetako teilatua berritzen lagunduko duten; Beristain auzunean sei bizitoki daude. Kultura ondarea zaharberritzeko eta sendotzeko helburuarekin onartu duen laguntza 22.000 eurokoa dela jakinazari du aldundiak.

Beristain baserrirako emandako laguntzaz gain, Errezilgo Eitzeta baserriaren teilatuaren eta egituraren zaharberritzea egiteko 56.095 euro emango ditu, beste 14.772 euro Argarate baserriko teilatua zaharberritzeko, eta Azkoitiak 22.431 euro jasoko ditu, 11.416 euro Kale Nagusiko 5 zenbakiko etxearen teilatua berritzeko eta beste 11.015 euro 53 zenbakiko teilatua konpontzeko.

Laguntzak onartzeko orduan lehentasunezkotzat hartu dituzte egitura sendotzeko obrak, teilatuen konponketak, eta ikuspuntu historiko eta artistikotik interes berezia duten elementu arkitektonikoen zaharberritzeak, ondorengo belaunaldiek ondare hori ezagutu eta goza ahal izan dezaten: "Garrantzitsua da ondarea mantentzea eta gazteek ezagutu ahal izatea, Gipuzkoaren kultura identitatearen oinarrizko alderdi bat delako. Aldundiari dagokigu ondarea babestuz memoria berreskuratzea eta bizirik eustea", agertu du Denis Itxaso Kultura diputatuak.