Josu Azpillaga: "Saiakera txiki bat da euskarazko ikono bat telefonoetan sartzeko"

Berria 2019ko ira. 17a, 13:40
Josu Azpillaga. (Ion Lizarazu - Berria)

Martxan da Egunean Behin tribial jokoaren bigarren denboraldia, eta urte bukaerara arte iraungo du. Euskarazko komunitateari begira, arrakastari eustea eta haztea da helburua, Azpillagaren arabera. Berria egunkarian elkarrizketa egin diote.

Gehienez ere, egunean bi minutu eskaintzen dizkio Egunean Behin aplikazioaren erabiltzaileak partida bat jokatzeari. Neurri horretan ederki hazi da jokoa, ordea, eta 15.000 erabiltzailek jokatu dute gutxienez partida bat. Bigarren denboraldian kopuru hori handitzea espero du Josu Azpillaga (Azpeitia, Gipuzkoa, 1973) CodeSyntaxeko kideak. Etenaldiaren ondoren, atzo itzuli zen jokoa, berrituta.

Itzuliko zinetela iragarri zenuten udan. Urduritasuna sumatu zenuten erabiltzaileen artean?

Erabiltzaile batzuk hasi zitzaizkigun galdezka ea noiz itzuli behar genuen, eta data publiko egitea erabaki genuen. Baina ez dut uste jokoak jendea oso harrapatuta zuenik. Ez da hori jokoaren helburua, gainera. Horregatik jokatu daiteke egunean behin bakarrik. Ez dut uste erabiltzaileei bereziki luzea egin zaienik itxaronaldia.

Bigarren denboraldia abiatu izana bera ba al da lehenengoan izandako arrakastaren seinale?

Bigarren denboraldia egingo dugu lehenengoan oso emaitza onak izan ditugulako eta gustura gaudelako aplikazioak izan duen harrerarekin. Datuak etengabe joan dira goraka. 11.000 lagun izan ditugu aktiboki parte hartzen, eta gure komunitatean kopuru polita da hori. Horrek eraman gintuen bigarrena planteatzera, anbizio handiagoz. Erabiltzaile kopuruari eustea eta berriak gehitzea da lehenengo erronka.

Denboraldi-aurrea jokoa fintzen eman duzue zuek?

Berrikuntza batzuk garatzeko aprobetxatu dugu guk tarte hau. Hala ere, errazagoa da betiere martxan ez dagoen zerbait aldatzea, martxa hartua duen zerbait baino.

Jarraitu irakurtzen Berriaren webgunean.