Irailaren 30a, merkataritza eta lehen sektorearen sustapenerako dirulaguntzak eskatzeko azken eguna

Uztarria.eus 2019ko ira. 13a, 19:41

Irailaren 30ean, astelehena, amaituko da merkataritzaren eta lehen sektorearen sustapenerako dirulaguntzak eskatzeko epea. Eskaerak Herritarren Arreta Zerbitzuan egin beharko dira. Guztira, 100.000 euroko dirulaguntza eskainiko du Udalak.

Joan zen maiatzean aurkeztu zuen Azpeitiko Udalak merkataritza eta lehen sektorea sustatzeko dirulaguntza lerro berria. Bi sektore horiek bultzatzeko 100.000 euroko dirupoltsa onartu zuen Udalak 2019ko aurrekontuetan, eta dirulaguntza horiek eskatzeko epea irailaren 30ean, astelehena, amaituko da. Interesatuek Herritarren Arreta Zerbitzuan egin beharko dituzte dirulaguntza eskaerak. Laguntzen inguruko informazio gehiago izan nahi duenak, berriz, azpeitiaberritzen@azpeitia.eus helbidera idatzi edo 943-15 71 83 telefonora deitu dezake.

Orain arte sustapen ekonomikoaren planaren barruan eman ohi zuen Udalak laguntza hori, baina Udaleko ordezkariek adierazi dutenez, merkataritza eta lehen sektoreko dirulaguntzei "izaera propioa" ematea adostu zuten. Hori dela eta, hainbat berrikuntza egin du Udalak laguntza lerro horretan; alde batetik, dirulaguntza 100.000 eurora artekoa izango da, iaz baino kopuru handiagoa; bestetik, orain arte Alde Zaharrean negozio bat irekitzeko Udalak ematen zuen laguntza herri osora zabaldu dute; horrez gain, negozio azterketak egiteak duen garrantzia ikusirik, webguneak egiteko laguntza eskainiko du aurten Udalak lerro horretan.

Laguntza lerroak

Askotariko laguntza eskainiko du Udalak: batetik, lana aurkitzeko erraztasuna hobetzeko aldi baterako kontratuak nahiz kontratu mugagabeak "bultzatzeko" laguntza emango du; bestetik, merkataritza arloko lehiakortasuna eta lehen sektorea sustatzeko ekintzak diruz lagunduko ditu, tartean, lehen sektoreko herriko produktuen kontsumoa bultzatzeko eta saltokien behar berrietara egokitzeko laguntza emango dute; lehenengo sektorea ezartzeko, eraberritzeko eta finkatzeko ere laguntzak izango dira; halaber, merkataritzako edo lehen sektoreko jarduerak ezartzeko eta bi sektore horiek aurrera ateratzeko lokalak alokatzeko laguntza izango da; eta azkenik, merkatariek negozio azterketa egin dezaten lagunduko dute.