Uxua Gaintza: "Porrot egitearen beldurrak tentsio handia sortzen du eta, ondorioz, dibertimendua zailtzen du"

Uztarria.eus 2019ko ira. 13a, 17:54
Uxua Gaintza.

Bihar goizean Soreasun egingo duten Eskola kirola Herri Hezitzailearen ikuspegitik jardunaldiko hizlarietako bat izango da Gaintza (Zumaia, 1981). Psikomotrizitatean aditua, Gorputz Hezkuntzako irakaslea da bigarren hezkuntzan.

Kirolak jolasa edo lehiaketa helburu duten ekintzak izanda, zergatik da hain garrantzitsua kirola egitea haurraren garapenean?

Kirola jolas moduan erabiltzen baldin badugu, erantzuna baiezkoa izango litzateke. Jolasa oso gauza serioa eta beharrezkoa da haurraren garapenerako, jolasa plazera delako. Ez dago plazera baino motore biziagorik haurraren garapenerako. Haurraren garapen psikomotorea, intelektuala, soziala eta afektibo-emozionala garatzeko ezinbestekoa da. Akzio motorea, ekintza ludikoa, prebentiboa, garapenekoa eta terapeutikoa da jolasa. Lehiakortasunak, normalean, dibertimendua eta plazera zapuzten ditu, jokalariek ez baitute dibertizeko jolas egiten, baizik eta saria jasotzeko. Porrot egitearen beldurrak tentsio handia sortzen du eta, ondorioz, dibertimendua zailtzen du.

Edozein kirolek balio al du?

Kirolen arteko ezberdinatasunak baino, kirolaren erabilera azpimarratuko nuke. Gehienetan, jolasak, kirolak bezala, lehiaketa gisan soilik erabiltzen ditugu. Bestetik, jolasak anitzak izateak berebiziko garrantzia du haurrei esperientzia zabalagoa eskaintzeko.

Zure ustez, zer izan behar du eskola kirolak: kirola irakastea helburu duen eskola ala baioen hezkuntza helburu duen eskola?

Bere kideekin nahiz helduekin jolasten denean, harremanak hasten ditu haurrak. Negoziazioak dituzte, arauak adostu eta bete behar dituzte, eta horrela beren gaitasun soziala garatzen doaz. jolasa gaitasun soziala garatzeko bitartekari bihurtuz.

Entrenatzaileek hezitzaile ere izan beharko lukete?

Helburua haurraren garapen integrala era harmoniotsuan gauzatzea eta nortasunaren eraikuntzan laguntzea bada, honetan adituak diren profesionalak izatea ezinbestekoa da; koherenteak izan nahi badugu bai, behintzat. Aldiz, helburuak beste batzuk badira...

Eta gurasoek zer rol jokatzen dute guzti honetan?

Sentsibilizazioa izango litzateke lehen pausoa, heldu askori jolasa denbora galtzea dela iruditzen baitzaio.