Nagore Alkorta Eudeleko bigarren presidenteorde izendatuko dute

Uztarria.eus 2019ko ira. 13a, 17:50
Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea.

Eudeleko gobernu organoen hautaketara hautagaitza bateratua aurkeztuko dute EAJk, PSE-EEk eta EH Bilduk. Proposamena da Gorka Urtaran presidente, Jose Antonio Santano presidenteorde eta Nagore Alkorta bigarren presidenteorde izendatzea.

Eudel Euskal Udalen Elkarteko gobernu organoen hautaketara zerrenda bateratua aurkeztuko dute EAJk, PSE-EEk eta EH Bilduk. Zerrenda horretan, proposamena da Gorka Urtaran Gasteizko alkatea (EAJ) presidente izendatzea, Jose Antonio Santano Irungo alkatea (PSE-EE) presidenteorde eta Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea (EH Bildu) bigarren presidenteorde. Hiru alderdiek hautagaitza bateratua osatzeko akordioa lortu dute.

Eudelek datorren ostegunean hautatuko ditu 2019-2023 agintaldirako gobernu organoak. Elgoibarren (Gipuzkoa) egingo dute hautaketarako batzar orokorra, 10:30ean. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 245 udal bazkidek izango dute botoa emateko aukera. Eudel 1982an sortu zen, eta kide dituen udalen interesak beste erakunde batzuen aurrean politikoki ordezkatzea da elkartearen helburua.