'Don’t be Dummy' programa ezagutu dute herriko hainbat ikaslek

Uztarria.eus | Gizartea
2019ko ira. 13a, 15:12

Don't be Dummy programa aurkeztu dute gaur Soreasu antzokian, herriko hainbat ikasleren aurrean. Gazteak trafiko istripuen prebentzioaz sentsibilizatzeko egitasmoa da Dont' be Dummy, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak sustatutakoa. Aurkezpenean izan dira Iraurgi Ikastetxeko, Azpeitiko Ikastola Ikasberriko eta Urola Ikastolako ikasleak. 09:00etan hasi da ekitaldia, eta bertan izan dira herriko hiru ikastetxeetako DBH4ko eta Batxilergoko lehen eta bigarren mailetako ikasleak. 

Saioan zehar trafiko istripuetan izandako bizipenak kontatu dituzte Inma Aramendik (udaltzaina), Ibon Errazuk (suhiltzailea) eta Alaitz Arbillak (bizkarrezur-muineko lesioa duen neska). Testigantza horiek lehen pertsonan kontatu dizkiete ikasleei, abiadura kulturaren inguruan gazteak kontzientziatzeko eta auto eta moto istripuak saihesteko helburuarekin. Testigantzak entzuteaz gain, hamabi ikus-entzunezko ikusi dituzte ikasleek saioan. Bideo horietan istripuei lotutako hainbat gai jorratu dituzte, hala nola alkohola, lesioak, ospitalea eta lesio motak. 

Orain arte, Araba, Bizkai de Gipuzkoako 41 udalerritan eskaini dituzte horrelako kontzientziazio saioak, eta dagoeneko 65 aurkezpenetik gora egin dituzte.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu