Hasi dituzte Enparan dorretxearen ataria eta ondoko zubia oinezkotzeko lanak

Uztarria.eus | Hirigintza
2019ko ira. 11a, 10:32

Ekin diote Enparan dorretxearen aurrealdea eta Enparango zubia oinezkotzeko obrei. Lan horiek irauten duten bitartean, trafikoan hainbat aldaketa izango dira: ibilgailuentzako Enparan kalerako sarrera Perez Arregi plazatik egokitu dute eta aldika oinezkoentzat itxita izango da pasoa. Azpeitiko Udalak urtea bukatzerako lanak bukatuta izatea aurresten du. Obren aurrekontua 183.544 eurokoa da.

Aste honetan hasi dituzte lanak, eta horien helburua da Enparan dorretxearen aurrealdea oinezkotzea eta Zelai Luzerekin bat egitea. Horretarako, lurra altxatu eta adokinak jarriko dituzte, Alde Zaharreko lurraren itxura emanez. Nolabait, ingurune horrek Alde Zaharrarekin bat egin nahi du Udalak. "Alde Zaharra oinezkotu zenean, behin-behinean gaur egungo egoeran utzi zen toki hori. Orain, ordea, datorren astean hasiko ditugun lanekin, Enparan dorretxearen ingurua egokitu eta oinezkoei lehentasuna emango diegu. Liburutegia dago Enparan dorretxean, Alde Zaharreko irteera bat ere bada eta oinezko asko ibiltzen da inguru horretan, eta oinezkoek lehentasuna izatea ezinbestekoa iruditzen zaigu", azaldu du Aitor Bereziartua zinegotziak. Hala ere, lanak bukatutakoan, ibilgailuentzako pasoa izaten ere jarraituko du Enparan dorretxearen aurreak eta Enparango zubiak.

Halaber, Enparan dorretxea eta Urola ibaiaren arteko Julian Elorza hiribiderako pasabidea konponduko du Udalak, eta "irisgarriagoa" egingo dute. Horrela azaldu du Bereziartuak:"Oinezkoen pasabideko lurreko harriak kendu eta gorde egingo ditugu. Gero, espaloia zabaldu eta hiribideko lurzoruko baldosa berdinak jarriko ditugu. Lan horiek oinezkoen pasabide hori irisgarriagoa egiteko helburuarekin egingo dira".

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu