Julen Lopetegi bere mailan 20. sailkatu da Distantzia Erdiko Munduko Ironman Txapelketan

Uztarria.eus 2019ko ira. 10a, 18:12
Julen Lopetegi, Zarauzko triatloian. (Txagatarra)

18 eta 24 urte arteko tartean lehiatu zen azpeitiarra igandean Nizan (Frantzia). Garikoitz Olazabalek, berriz, Sestaoko II. Triatloi Herrikoia irabazi du, eta Eider Bereziartuak hirugarren postua lortu du proba berean.

Distantzia Erdiko Munduko Ironman Txapelketa jokatu zen joan den igandean Nizan (Frantzia), eta bertan lehiatu zen Julen Lopetegi azpeitiarra. AzkoiTri taldeko triatleta gaztea 18 eta 24 urte artekoen mailan lehiatu zen, hain zuzen ere, eta 20. postuan sailkatu zen bere mailan parte hartu zuten 117 lehiakideen artean. 4 ordu, 31 minutu eta 10 segundo behar izan zituen Lopetegik lasterketa osatzeko: 1,9 kilometro igerian, 90 kilometro bizikletan eta 21 kilometro korrika.

Joan den apirilean lortu zuen azpeitiarrak Munduko Txapelketan aritzeko txartela, Marbellako (Espainia) ironmanean lortutako markari esker. Ekainean, berriz, 23 urtez azpikoen Gipuzkoako Txapelketa irabazi zuen, Zarautzen.

Azpeitiarrak podiumean, Sestaon

Sestaon (Bizkaia), berriz, bertako VI. Triatloia –Euskadiko Txapelketa ere izan da– eta II. Triatloi Herrikoia jokatu ziren, eta azken horretan bi azpeitiar igo ziren podiumera. Gari Olazabalek irabazi zuen super sprinti deritzon distantziaren barruan (0,300 kilometro igerian, 10 kilometro bizikletan eta 1,9 kilometro korrika) jokatutako triatloi hori. Lehen triatloia zuen Olazabalek Sestaokoa, eta junior mialko kirolaria izanagatik, bera izan zen parte hartzaile guztien artean azkarrena: 27 minutu eta 52 segundoko marka egin zuen.

Eider Bereziartua, berriz, hirugarrena izan zen emakumezkoen sailkapenean, 33 minutu eta 52 segundoko denborarekin.