Udaletxean hartu dute Eneko Ibarguren, 11/13 auziko epaiketaren atarian

Uztarria.eus | Politika
2019ko ira. 10a, 12:00

Irailaren 16an hasiko da Eneko Ibarguren Kurku azpeitiarraren eta 11/13 sumarioko 47 auziperatuen kontrako epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalean. Epaiketaren atarian, azpeitiarraren berri "lehen eskutik" jasotzeko udaletxean hartu dute Ibarguren Nagore Alkorta alkateak eta Leire Goenaga zinegotziak.

2013. urtean Herriraren kontra egindako operazioan du jatorria 11/13 sumarioko 47 auziperatuen kontrako epaiketak. "Gipuzkoako Herriraren zuzendaritzako kide izatea" egotzita atxilotu zuten azpeitiarra. Presoen eskubideen alde Herriran egindako lanagatik fiskalak hamahiru urte eta sei hilabeteko espetxe zigorra, 4.800 euroko isuna eta zortzi urteko inhabilitazioa eskatu ditu Ibargurenentzat. 

Alkortaren hitzeitan, “izugarria" da Ibargureni jarritako zigor eskaera: "Egoera gogorra bizitzen ari da da Eneko, baita bere familia eta ingurua ere. Epaiketa honek sufrimendu handia eragin du, eta oraindik ere ondorio okerragoak ekar ditzake". Alkortak adierazi duenez, 11/13 sumarioko 47 auziperatuen kontrako epaiketak "ez du zentzurik" eta "lekuz kanpo" dago. "Bakearen eta elkarbizitzaren aurka datorren ekimena da. Epaiketa politikoa da guztiz, eta arazo politikoak ez dira epaitegietan konpontzen, okertu baizik”, adierazi du Alkortak. 

Ibargurenek, bere aldetik, jaso duen babesa eskertu du: “Erakunde handiak ez bezala, aurkakotasuna eta indiferentzia agertu baitigute, gertu sentitu ditut bai azpeitiarrak eta baita Azpeitiko Udala ere. Eskerrak eman nahi dizkiet guztiei". 

Ugari izan dira Azpeitiko herritarrek Eneko Ibargureni babesa agertzeko egindako ekimenak, eta horien artean da joan zen larunbatean egindako Elkartasun Mosaiko jendetsua

(Argazkia: Azpeitiko Udala)

Informazio gehiago

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu