Juaristi ISB, Euskal Kopako garaile

Uztarria.eus 2019ko ira. 9a, 12:48

Delteco GBCren aurka jokatu zuen atzo Juaristi ISBk, eta Iraurgiko gizonezkoen lehen taldea 71-80 nagusitu zen.

Euskal Koparen garaikurra etxera eraman dute Juaristi SBko jokalariek asteburuan. Atzo, igandea, Euskal Koparen finala jokatu zuten Juaristik eta Delteco GBC taldeek Zornotzan, eta Azkoiti-Azpeitiko klubeko jokalariek 71-80 amaitu zuten norgehiagoka.

Denboraldiaren atarian, asteburu borobila izan du Juaristi SBk, finalaurrekoan zein finalean nagusitu baita taldea; larunbatean, Juaristi tadeko gizonek mendean hartu zuen Zornotza taldea, markagailua 70-81 zela bukatu baitzuten finalaurrekoa. "Ia partida osoa aurretik aritu ginen, eta baina hirugarren laurdenean 11 puntu jarraian saskiratu zituzten, Zornotzak aurrea hartu zigun. Amaieran, ordea, saskiratzen hasi eta gora joan ginen", esan du Iñaki Jimenez entrenatzaileak. Finalean ere ez zuen hain erraza izan Juaristik, eta nekez lortu zuen garaipena taldeak. "Finalerdian ez bezala, gaizki hasi genuen norgehiagoka. Markagailuan 13 puntu azpitik geundela bukatu genuen bigarren laurdena, eta hirugarren laurdena, berriz, Deltecok baino 17 puntu gutxiagorekin hasi genuen. Hiruko batzuk saskiratu genituen orduan, eta bost puntu behetik amaitu genuen laurden hori. Azkenengoan, berriz, egoerari buelta eman eta aurrea hartu genien".

Garaikurra eskuetan, aurreikuspen guztiak gainditu ditu Juaristik, Euskal Kopa irabaztea "ezustekoa" izan baita taldearentzat: "Gure hasierako helburua zen igandeko finala jokatzea. Irabazteko gogoz geunden, baina jakin bagenekien zaila izango genuela maila bat gorago lehiatzen den taldeari irabaztea. Azken laurdenean hasi ginen garaipenean sinesten, eta uste dut Delteco bera ere orduan jabetu zela irabazteko aukerak genituela":

Irailaren 21ean hasiko du denboraldia Juaristik, eta sasoi berriaren atariko partida guztiak irabazi ditu taldeak; lautik lau. Emaitza hori sasoi berrirako "neurgailua" izan daitekeela uste du Jimenezek, baina zuhur agertu da: "Euskal Koparen garaipenak lagundu behar digu denboraldia gustura eta ondo hasteko, baina kontziente izan behar gara Euskal Kopan lehiatu garen taldeak ez direla izango denboraldiko berberak. Izan ere, talde asko osatu gabe daude oraindik, eta beste jokalari batzuek iritsi berritan, dagokien taldean asko entrenatu gabe, jokatu dituzte Euskal Kopako norgehiagokak".

Añares Riojaren txanda, zapatuan

Gizonezkoek ez ezik, emakumezkoek ere jokatu dituzte asteburuan Euskal Kopako jardunaldiak; Añares Rioja ISB taldeak zapatuan jokatu zuen lehen partida. Azkoitiko kiroldegian lehiatu ziren ISBko neskak Ibaizabal Saskibaloi Taldearen aurka, baina Azkoitia-Azpeitiko taldeak ezin izan zuen mendean hartu Bizkaiko taldea; 62-86 amaitu zuten norgehiagoka. Ligaxka moduan ari dira jokatzen Emakumeen Euskal Kopa. Lehen faseko beste bi jardunaldiak datorren asteburuan izango dira, eta orduan erabakiko da zein talde sailkatuko diren finalerdietara. ISBk hilaren zapatuan jokatuko du bigarren norgehiagoka Ausarta Barakaldo EST taldearen kontra, eta hilaren 15ean Ibaizabalek eta Ausarta IST Barakaldok neurtuko ditute indarrak. Ligaxka horretatik sailkatzen den taldea finalerdietan izango da, eta Araski izango du aurkari. Bigarren finalaurrekoa, berriz, Lointek Gernikak eta IDK Gipuzkoak jokatuko dute. Finala hilaren 20an izango da, Durangon.