Epaiketaren atarian, herritarren babes beroa jaso du Eneko Ibargurenek

Uztarria.eus 2019ko ira. 7a, 15:44

Beste behin ere herritarren babesa jaso du 11/2013 sumarioan auzipetuta dagoen Eneko Ibarguren Kurku azpeitiarrak. Hilaren 16an hasiko dira epaitzen Ibarguren eta beste 46 euskal herritar Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta epaiketaren atarian, azpeitiarrari eta gainontzeko auzipetuei elkartasuna adierazteko saio jendetsua egin dute plazan. Eneko Herrian zioen mosaikoa osatu dute ehunka lagunek plazan, eta ondoren, ekitaldia egin dute hango kioskoan. Jose Luis Otamendi idazleak poema bat errezitatu du, eta segidan, Haritz Garmendia trikitilariak hainbat pieza taularatu ditu, plazan elkartutakoek kantuz lagunduta.

Ibargurenek hartu du hitza saioari amaiera emateko, eta beste behin ere eskerrak eman dizkie babesa agertu dieten herritarrei. "Azkenengo asteetan jaso dudan babesa izugarrizkoa izan da. Jende asko hurbildu zait animoak ematera, eta barru-barrutik eskertzen diet haiei guztiei. Presoen arloan bezala, gizarteko beste hainbat eremutan ere injustizia asko ditugu, eta oraindik elkartasun keinu asko ditugu antolatzeko. Espero dut nire alea jartzen segitzeko aukera izango dudala aurrerantzean ere". Epaiketari dagokionez, berriz, gogoratu du hiru hilabete iraungo duela, baina auzipetuak ez du baztertzen akordiorako aukera. Preso daudenei eta haien senideei "muxu handi bana" luzatuz amaitu du hitzartzea azpeitiarrak.

Autobusa Bilborako

Ibargureni elkartasuna adierazteko asmoz sortu den Eneko Herrian taldeak antolatu du egitasmoa, eta hango kideek ere eskerrak eman dizkiete bidean jaso duten babesarengatik. Era berean, gogoratu dute datorren zapatuan, hilaren 14an, manifestazio nazionalak hartuko dituela Bilboko kaleak, eta hara joateko dei egin diete herritarrei. Hain zuzen ere, autobusa aterako da Azpeititik Bilboko mobilizaziora joateko; 15:45ean abiatuko da anbulatorio aurretik, eta hara joateko aurrez izena eman daiteke ohiko tabernetan.

11/2013 sumarioan auzipetuta daudenei babesa helarazteko hainbat ekintza jendetsu egin dituzte herrian azken asteetan. Uztailean hasi zuen bidea Eneko Herrian taldeak, eta hasieratik herritarren babes zabala jaso du egitasmoak. 47ak Herrian plataformak deituta, berriz,  joan zen larunbatean ere agerraldi jendetsua egin zuten Sanagustin kulturgunean. Azpeitian ez ezik Euskal Herriko beste hainbat herrietan ere egin dituzte auzipetuei babesa adierazko ekintzak gaur.

Epaiketa, sei urtera

"ETAren espetxe frontea" osatzea leporatuta, eta 11/13 sumarioaren barruan, Eneko Ibarguren eta beste 46 lagun epaituko dituzte hilaren 16tik aurrera hasita, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Presoen eskubideen alde Herrira elkartean egindako lanagatik, fiskalak hamahiru urte eta sei hilabeteko espetxe zigorra, 4.800 euroko isuna eta zortzi urteko inhabilitazioa eskatuta ditu Ibargurenentzat.

2013ko irailean Herriraren kontra eginiko polizia operazioan du jatorria 11/2013 sumarioak. Izan ere, Herrirako kideekin batera, sumario horren barruan sartu zituen Eloy Velasco epaileak ondoren atxilotutako abokatuak nahiz Etxerat eta Jaiki Hadiko kideak. Epaile horrek egin zuen instrukzioa, eta Auzitegi Nazionaleko fiskalak bat egin zuen haren tesiarekin. Horren arabera, "ETAren espetxe frontea" osatzen dute auzipetuek, eta "erakunde terroristako kide" izatea leporatzen die ia denei. Auzipetze autoan, baina, epaileak berak aitortu zuen aztertutako dokumentuetan ez dutela aurkitu ETAren eta ustezko Koordinazio Gunearen artean lotura zuzenik eta harreman organikorik zegoela esateko moduko "inongo daturik".

Ibarguren 2013ko irailaren 30ean atxilotu zuen Guardia Zibilak, Herriraren kontra egindako operazioaren barruan; "Gipuzkoako Herriraren zuzendaritzako kide izatea" egotzita atxilotu zuten azpeitiarra. Lau egun beranduago, urriaren 3an, utzi zuen aske Velasco epaileak berak. Bi urte geroago, Herriraren kontrako sarekadan atxilotutako guztiak deklaratzera deitu zituzten, tartean Ibarguren, langileen aurkako delitua egotzita. Aparteko pieza modura sartu du auzi ekonomikoa, abokatuen eta Herrira-ren diru kontuekin lotuta. Zergarik ez ordaintzea eta dirua zuritzea egotzi diete abokatuei, eta langileen segurtasunaren aurkako delitua Herrirari.