Korrontzi taldeak kontzertua eskainiko du Tuba Jaialdiaren barruan

Uztarria.eus 2019ko ira. 5a, 12:22
Korrontzi taldeak kontzertu benefikoa eskaini zuen 2016an Azpeitian. (Alberto Beloki)

Korrontzi taldeak eta tuba nahiz bonbardino jotzaileek Korrontzi Tuba Band ikuskizuna eskainiko dute urriaren 12an, zapatua, Soreasu antzokian. Dagoeneko eros daitezke sarrerak Kulturaz.eus webgunean, hamar euroren trukean. Urriaren 11tik 13ra izango da X. Tuba Jaialdia.

Urriaren 11tik 13ra izango da X. Tuba Jaialdia, eta edizio horretako kontzertu berezienaren berri eman dute jaialdiaren antolatzaileek. Izan ere, Bizkaiko Korrontzi taldea Azpeitian izango da aurtengo jaialdian parte hartzen. Folk musika eta trikitia uztartzen ditu Korrontzik, eta haren abestiak tuba bandarako prestatu ditu Juan Carlos Ribellesek. Hain zuzen ere, Korrontzi Tuba Band ikuskizuna eskainiko dute Korrontzik eta tuba nahiz bonbardino jotzaileek.

Emanaldia urriaren 12an, larunbata, izango da Soreasu antzokian, eta dagoeneko eros daitezke sarrerak Kulturaz.eus atarian. Sarrerek hamar euro balioko dute aurrez, eta hamabi euro egunean bertan. Antolatzaileek azaldu dutenez, Korrontzi Tuba Band ez da izango jaialdiaren barruko kontzertu bakarra; beste hiru kontzertu ere izango dira, gutxienez.

Ez da Tuba Jaialdiaren barruan halako emanaldi berezi bat antolatzen duten lehen aldia; izan ere, 2015ean Kepa Junkera eta Sorginak izan ziren jaialdian parte hartzen.