Egunean Behin jokoaren finala egingo dute abenduaren 14an Sanagustin kulturgunean

Uztarria.eus | Aisia
2019ko ira. 4a, 15:51

Irailaren 16an jarriko dute berriz ere martxan Egunean Behin mugikorreko jokoa, eta abenduaren erdi aldera arte izango da erabilgarri. Berrikuntza batekin dator sasoi berria: zuzeneko finala izango da abenduaren 14an, larunbatez, Sanagustin kulturgunean, 12:00etan hasita. Finalean 200 bat lagunentzat izango da tokia; ehun bat lagunek gonbidapena lortuko dute asteroko sailkapenari esker, eta gainerakoek izena eman beharko dute aurrerago.

Egunean Behin jokoa irailaren 16an jarriko dute berriz martxan. (Goiena)  Ikusi haundiago | Argazki originala

Udako etenaren ostean, irailaren 16an jarriko dute berriz ere martxan Egunean Behin mugikorreko jokoa. Eta berrikuntzekin iritsiko da bigarren denboraldia; izan ere, Gabonetara arte izango da martxan jolasa, eta ekitaldi berezi bat prestatu dute sasoi berri horri bukaera emateko: zuzeneko finala izango da abenduaren 14an, zapatua, Sanagustin kulturgunean, 12:00etan hasita.

Abenduko final horretan sari bereziak izango direla aurreratu du Egunean Behin jokoa garatu duen Codesyntax enpresak, nahiz eta finalaren mekanika zein formatua ez dituzten zehaztu. Hori bai, zuzenekoa izango da finala, eta elkartzen diren lagun guztiek aldi berean jokatuko dute partida; are gehiago, denek galdera berak erantzun beharko dituzte.

Egunean Behin jokoak asteroko dinamika izango du; hau da, egunero partida bat jokatu ahal izango dute erabiltzaileek. Horiei ausazko hainbat galdera egokituko zaizkie, eta babesleen eskainitako hainbat sari banatuko dute, hala nola asteko irabazlearena eta zozketa bidez egunero jokatzen duten artean banatzen dutena. Horrez gain, baina, asteroko sailkapeneko aurreneko hamar jokalariek abenduko finalerako saria jasoko dute. Horrenbestez, ehun bat lagunek jasoko dute finalerako gonbidapena. Codesyntaxek azaldu duenez, finalean 200 bat lagunentzat izango da tokia, eta parte hartu nahi duten lagunentzat izen-emate epea aurrerago zabalduko dute.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu