Jokin Uranga: "Txapelketak asko ematen du, baina, aldi berean, asko kendu ere bai"

Uztarria.eus 2019ko ira. 27a, 11:56

Txapelketetako saioen aurretik elkarrizketarik ez du eman izan Jokin Uranga (Azpeitia, 1980) bertsolariak, baina oraingoan patxadaz hitz egin du Uztarriarekin. "Gozatzera" igoko da agertokira igandean. Elgoibarren abestuko du final zortzirenetako saioan, Ane Labakarekin, Endika Igarzabalekin, Eñaut Martikorenarekin, Iñaki Gurrutxagarekin eta Unai Gaztelumendirekin batera.

Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasetik iritsi zara Gipuzkoako Bertsolari Txapelketara. Zer moduz joan zen uda aurreko fase hura?

Neure lekuan ez banengo bezala sentitzen nintzen; izan ere, sekula abestu ez nuen jendearekin kantatu behar nuen. Bertsolariak ez ezagutzeak sortzen zidan halako kezka bat, baina banekien zer zetorren, neure burarekin lanketa egin nuen, eta taldean sartuta eta jendearekin egonda lortu nuen gustura sentitzea. Gainera, saioa ere ondo atera zen. Sentipen hobeak edo txarragoak izan nituen, denetarikoak, baina ondo atera zen azkenean.

Txapelketetako bertsolarien adin tartea handitzen ari dela esan nahi al duzu?

Bai, azkar ari gara zahartzen, txapelketak lau urtez behin izaten baitira; lau txapelketa pasatuta, hamasei urte zaharragoa da bertsolaria. Gazteak badatoz, indartsu datoz, eta izugarrizko poza ematen dit horrek; izan ere, ez daukat inork lekua kenduko didanaren beldurrik. Ez daukat txapelketetan ezer berezirik lortzeko asmorik. Beraz, gazteak txapelketetan hastea oso pozik eta natural bizi dut.

Orain dela lau urteko Gipuzkoako Txapelketaren zer oroitzapen duzu?

Lehen saioarekin, Andoainekoarekin, ikaragarri gustura gelditu nintzen; gauzak oso ondo atera zitzaizkidan. Bigarren saioa Zestoan izan zen, eta han apal jardun nuen, baina ez nuen saio txarra egin. Poto batek ihes egin zidan, eta ez nintzen gustura gelditu egindako lanarekin. Are gehiago, normalean, Gipuzkoako Txapelketetan ez naiz oso gustura gelditzen. Adin batera ere iritsi gara, eta esan egingo dut: duela lau urteko txapelketan ikusi nituen puntuaketekin ere ez nengoen batere ados. Ez nire saiokoekin soilik; gora-behera handiak egon ziren... Baina beno, epaileek ere ahalik eta ondoen egingo dute beren lana.

Lau urtera, iritsi da berriz txapelketa. Gogoz al zaude?

Gure adineko bertsolari batzuk elkartu gara –Iñaki Gurrutxaga, Iñigo Izagirre, Unai Muñoa, Egoitz Eizagirre, Ibai Esoain...–, eta talde giro polita sortu da gure artean, gustura gabiltza. Tartean behin elkartzen gara, eta alde horretatik gustura nago. Dena den, izatez ez naiz batere leihakorra, eta ikusten dut berriz ere lehian sartu behar dudala. Kontraesan izugarriak sortzen dizkit horrek; izan ere, ez naiz leihakorra baina txapelketan sortzen den giro horrek, zozketa egiten den uneak, agertokira igotzen garen momentuak eta bertsolarion artean sortzen den konplizitateak asko jartzen nau. Aldi berean, baina, uste dut txapelketa oso injustua dela bertsolari askorekin, eta horrek sortzen dizkit kezkak. Kezka horiek ez dira neure buruarekikoak, ez dudalako anbiziorik, eta txapelketara, beste edozein tokitara bezala, bertsotan ondo egitera joango naizelako. Talde giroaz gozatzera eta jolasera joango naiz.

Erronkarik jarri al diozu zure buruari?

Gozatzea. Badakit Gipuzkoako Txapelketak zenbat eman dakidakeen; hau da, txapelketa batek ematen duen ezer ez dut bilatzen gaur egun. Nire helburuak dira lagun taldeaz gozatzea, ahalik eta saio onena egitea, eta behin zurrunbilo horretan sartzea lortzen badut eta eroso sentitzen banaiz, orduan jarriko dizkiot erronkak nire buruari. Oraingoz, hotz nago, eta dena urrun ikusten dut, nahiz eta bertan dagoen.

Zer dira txapelketak zuretzat?

Asko eman dit txapelketak: 2003an Gipuzkoako Txapelketan finalerdietara iritsi nintzenean, gero ia Euskal Herriko finalera sartu nintzenean... Erakusleihoak izan ziren horiek niretzat, eta lorpen horiei esker saio ugari egin nituen, herri pila bat ezagutzeko aukera izan nuen. Txapelketak asko ematen du, baina, aldi berean, asko kendu ere bai; denetariko kasuak daude. Batzuei, gehienetan zerbait ematen die lehiak; eta beste batzuei, berriz, kendu. Beste batzuoi, berriz, eman eta kendu, biak egin dizkigu txapelketak. Ematen duenean ederra da, baina kentzen duenean ez horrenbeste. Nik ez dut uste gure adineko jendeak ja pena handirik hartuko duenik, bakoitzak geure bidea egina baitugu, baina txapelketak oso krudelak izan daitezke bertsolari izan nahi duenarentzat edo aukera lau urtez behin soilik duenarentzat. Bertsotan oso ondo egiten duen jende asko dago, baina arratsalde batean ez duelako asmatu, iritsi ez delako edo auskalo zergatik ezingo du beste lau urtean txapelketan parte hartu. Alde horretatik oso krudela izan daiteke txapelketa.

Zer gai mota dituzu kanturako gustuko?

Pil-pilean dauden gaiei buruz kantatzea gustatzen zait, neu sartzen naizen gaiez eta sentitzen ditudanez abestea. Adibidez, niretzat oso aldrebesa izaten dira gisa honetako gaiak: "Jokin eta ez dakit zein etorri zortziko handira: 'Zuek biok futbolariak zarete...'". Halakoetan zera pentsatzen dut: "Listo, hasi gaituk!". Nik ez dut kirola bizi, futbola ez zait gustatzen, eta horiei buruz kantatzean oso arrotz sentitzen naiz, emateko edo esateko ezer ez dudalako. Halakoetan nola edo hala libratzeko ahalegina egiten dut, eta barrutik kantatzen ari ez zarenean, oso zaila izaten da gero egoerari buelta ematea. Beraz, egunerokotasunean bizi ditudan gauzez, onez nahiz txarrez, aritzea gustatzen zait.

Txapelketako ariketetatik bat esatekotan, zein aukeratuko zenuke?

Ariketa politak ditugu txapelketaren lehen fasean, eta nire gustukoena hamarreko txikia da. Eroso sentitzen naiz lan horretan. Binaka aritzen gara, ofizioka, eta esan dezaket ariketa horretan sentitzen naizela ondoen. Bakarkako ariketan, kartzelan, ere oso gustura sentitzen.