Gaur jarriko dituzte salgai Euskal Pentatloi Txapelketaren finalaurrekorako sarrerak

Uztarria.eus 2019ko ira. 4a, 12:52
Duela aste batzuk zezen plaza pentatloirako prestatzen.

Gaurtik zapatura bitartean erosi ahal izango dira larunbateko saiorako sarrerak hamabost eurotan, Mendizabal erretegian. Larunbatean ere eskuratu ahal izango dira sarrerak, zezen plazako leihatilan, 16:30etik aurrera. Finalaurrekoa Azpeitiko zezen plazan izango da zapatuan, 18:00etan hasita. 11 kirolari ariko dira nor baino nor, hilaren 21eko finalera sailkatzeko lehian.

Sarrera eskaera handia dela eta, Euskal Pentatloi Txapelketaren antolatzaileek erabaki dute finalaurrekorako sarrerak aurrez salgai jartzea. Gaurtik zapatura bitartean erosi ahal izango dira larunbateko saiorako sarrerak hamabost eurotan, Mendizabal erretegian. Larunbatean ere eskuratu ahal izango dira sarrerak, zezen plazako leihatilan, 16:30etik aurrera.

Zapatuko finalaurreko saioan 11 kirolarik parte hartuko dute: Xabier Zaldua iazko txapeldunak, Luis Txapartegik, Aratz Mugertzak, Jon Gisasola Zelai V.ak, Xabier Orbegozo Arria V.ak, Joxean Olaskoaga Aizperrok, Iñaki Errazkinek, Jagoba Otaegik, Joseba Otaegik, Beñat Amadek eta Osmane Dramek. Kepa Peñagarikano azpeitiar pilotari ohia ere proban parte hartzekoa zen, baina joan zen larunbatean aizkorarekin min hartu zuen Usurbilen egiten ari zen entrenamendu saioan.

18:00etan hasiko da finalaurrekoa, eta hainbat proba egin beharko dute kirolariek: 100 kiloko harriari hamar jasoaldi egin beharko dizkiote, 400 kiloko harriarekin plaza bat egin beharko dute giza proban, aizkoran kanaerdiko bat eta 45 ontzako enbor bat ebaki beharko dituzte, 50 kiloko bi txingarekin hiru plaza gauzatu beharko dituzte, eta bukatzeko, lasterka kilometro bat osatu beharko dute plazari bueltak emanez. Saio horretatik denbora onena egiten duten sei kirolariak sailkatuko dira finalera. Finala irailaren 21ean, zapatua, izango da, Azpeitiko zezen plazan, 22:00etatik aurrera.