Azpeitiko inaziotar guneak ezagutzeko bisita gidatua hilaren 21ean izango da

Uztarria.eus 2019ko ira. 4a, 11:44
Bisita gidatu bateko irudia.

Larunbatean ziren bisita gidatua eskaintzekoak, baina bi astez atzeratu dute hitzordua. Azpeitiko eraikin historikoak ezagutzeko aukera izango dute hilaren 21ean bisitara joaten diren herritarrek, 12:00etatik aurrera. Doakoa izango da irteera, baina bisitan parte hartu nahi duten herritarrek aurrez eman beharko dute izena.

Ezkutuko Altxorrak egitasmoaren barruan larunbatean Azpeitian eskaintzekoak ziren bisita gidatuaren data atzeratu egin dute haren antolatzaileek. Horrenbestez, hilaren 21ean, larunbatez, izango dute herritarrek Azpeitiko almendrako Erdi Aroko inaziotar guneak ezagutzeko aukera. Azpeitiko eraikin historikoak ezagutzeko aukera izango dute egun horretan bisitara joaten diren herritarrek, baita herriaren gaineko informazioa eta askotariko datuak jasotzeko aukera ere. Bisita 12:00etan hasiko da, Basazabal jauregiko Turismo Bulegotik. Doakoa izango da irteera, baina bisitan parte hartu nahi duten herritarrek aurrez eman beharko dute izena, info@ignaziotarlurraldea.com helbidera mezua idatzita edo 943-15 18 78 telefono zenbakira deituta.