Añota sagardotegiak Euskal Herriko Sagardo Txapelketa Herrikoian parte hartuko du aurten ere

Uztarria.eus 2019ko ira. 3a, 16:43
Añota sagardotegia.

Guztira, 41 sagardotegik parte hartuko dute lehian. Irailean izango da txapelketa: lau finalaurreko eta finala jokatuko dituzte. Herritarrak izango dira epaimahaikide; izan ere, horiek sagardoa dastatzeko eta puntuazioa emateko aukera izango dute finalaurrekoetan. Añotan txapelketaren edizio guztietan parte hartu du.

V. ediziora iritsi da Euskal Herriko Sagardo Txapelketa Herrikoia, eta aurten ere lehian izango da Azpeitiko Añota sagardotegia. Orain arteko edizio guztietan parte hartu du Azpeitiko etxeak, eta beste urte batez sari bila ariko da aurten ere Añota. Guztira, 41 sagardotegi ariko dira nor baino nor Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak antolatutako egitasmoan.

Datorren astean, hilaren 13an, hasiko da txapelketa; hain zuzen ere, Adunan izango da lehen finalaurrekoa egun horretan. Bigarren finalaurrekoa, berriz, Lizartzan izango da hilaren 14an, eta Orion hirugarrena, irailaren 20an. Laugarren eta azken finalaurrekoa, Zornotzakoa, hilaren 21ean izango da. Finala, berriz, Ergobian (Astigarraga) izango da, irailaren 28an.

Herritarrek finalaurreko horietan epaimahai lanak egin ahal izango dituzte; izan ere, afaritara joaten diren herritarrek sagardoak dastatzeko eta horiei puntuazioa emateko aukera izango dute. Dagoeneko salgai daude finalaurrekoetarako eta finalerako txartelak, 26 euroren eta 32 euroren trukean, hurrenez hurren. Informazio gehiago, honako lotura honetan eskura daiteke.

2015ean antolatu zuten aurrenekoz Euskal Herriko Sagardo Txapelketa Herrikoia. Orduko hartan Azpeitiko Azoka Plazan jokatu zen finala, eta Petritegi sagardotegiak jantzi zuen sariketako txapela. Bigarren edizioaren finala Andoainen jokatu zen, eta Ordiziako Tximista sagardotegia izan zen nagusi. Hirugarren finala, berriz, Azpeitiko Azoka Plazan jokatu zen 2017ko urrian; Gaztañaga sagardotegia nabarmendu zen. Iaz ere, sagardotegi horrexek irabazi zuen lehia.