Elkartasunez beteko dute plaza zapatuan, Eneko Ibargureni babesa agertzeko mosaikoarekin

Uztarria.eus 2019ko ira. 3a, 15:01

12:30ean egingo dute Elkartasun Mosaikoa herriko plazan, eta ehunka lagun elkartu nahi dituzte bertan, Ibargureni babesa agertzeko nahiz "zilegi izan den eta izaten jarraitzen duen lan politiko bat" epaituko dutela salatzeko. Mosaikorako gonbidapenak eman eta isunei aurre egiteko txapak saltuko dituzte egunotan plazan. Hilaren 16an hasiko da 11/13 sumarioko 47 auziperatuen kontrako epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalean. 

Irailaren 16an hasiko da Eneko Ibarguren Kurku azpeitiarraren eta 11/13 sumarioko 47 auziperatuen kontrako epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalean. Epaiketaren atarian, Ibargureni babesa eta elkartasuna adierazteko Elkartasun Mosaikoa antolatu du Eneko Herrian babes taldeak zapaturako, irailaren 7rako. Mosaikorako hitzordua 12:30ean jarri dute plazan, eta ekitaldi bat egingo dute ondoren. 2013. urtean Herriraren kontra egindako operazioan du jatorria 11/13 sumarioko 47 auziperatuen kontrako epaiketak. Presoen eskubideen alde Herriran egindako lanagatik fiskalak hamahiru urte eta sei hilabeteko espetxe zigorra, 4.800 euroko isuna eta zortzi urteko inhabilitazioa eskatu ditu Ibargurenentzat. 

Zapaturako deitutako mosaikoaren xedea Ibargureni elkartasuna adieraztea da, eta, horregatik, herritarrei bertaratzeko dei egin nahi diete: "Elkartasuna antolatzen lan egin duenari elkartasuna adieraztera gonbidatu nahi ditugu herritarrak". Eneko Herrian taldeko kideek azaldu dutenez, "zilegi izan den eta zilegi izaten jarraitzen duen lan politikoa egiteagatik" epaituko dute Ibarguren. "Euskal gizartearen askatasun, justizia eta bake nahitik kanpo dagoen bidegabekeria handi baten aurrean gaude". Era berean, gogora ekarri nahi izan dute epaiketa honen jatorrian dauden aldarrikapenak "indarrean" jarraitzen dutela gaur egun. Horregatik, 11/13 sumarioko 47 auziperatuen kontrako epaiketa bertan behera uzteko galdegin eta preso nahiz erbestean dauden lagunak herriratzea aldarrikatu dute.  

Mosaikorako materiala egunean bertan banatuko duten arren, zapaturako gonbidapenak banatuko dituzte datozen egunetan plazan jarriko duten postuan. Atzotik ostiralera bitartean egunero jarriko dute elkartasun postua udaletxeko arkupeetan, 18:00etatik 20:00etara bitartean, eta bertan banatuko dituzte mosaikorako gonbidapenak. Hori ez ezik, 11/13 sumarioko 47 auziperatuen kontrako epaiketaren gastuei nahiz isun ekonomikoei aurre egiteko txapak salduko dituzte datozen egunetan. 

 

Manifestazio nazionala Bilbon

Elkartasun keinuek ez dute etenik izango epaiketaren atarian nahiz epaiketak iraungo duen bitartean. 47ak Herrian plataformak deituta, manifestazio nazionala egingo dute Bilbon irailaren 14an, Giza eskubideak, askatasuna, etorkizuna. Herrian. lelopean. Manifestaziora joateko autobusak antolatu dituzte Azpeititik, era izen-ematea zabalik dago oraindik. Niza, Orkatz eta Urola Expres tabernetan nahiz Sanagustin kulturgunean egin daiteke autobuserako izen-ematea.  

Atzera begira

Ibarguren 2013ko irailaren 30ean atxilotu zuen Guardia Zibilak, Herriraren kontra egindako operazioaren barruan; "Gipuzkoako Herriraren zuzendaritzako kide izatea" egotzita atxilotu zuten azpeitiarra. Lau egun beranduago, urriaren 3an, utzi zuen aske Velasco epaileak berak. Egun berean harrera egin zioten Azpeitian; eta hurrengo egunean, berriz, elkarretaratze jendetsua izan zen plazan, Ibargureni babesa agertzeko eta presoen inguruko mugimenduaren kontrako erasoa salatzeko.

2015eko urtarrilean, berriz, 2013ko Herriraren kontrako sarekadan atxilotutako guztiak deklaratzera deitu zituzten, tartean Ibarguren, langileen aurkako delitua egotzita. 11/2013 sumarioa da Velascok orain irekitakoa eta, hor, aparteko pieza modura sartu du auzi ekonomikoa, abokatuen eta Herriraren diru kontuekin lotuta. Zergarik ez ordaintzea eta dirua zuritzea egotzi diete abokatuei, eta langileen segurtasunaren aurkako delitua Herrirari.

Sei urte igaro dira ibarguren atxilotu zutenetik, eta orduz geroztik baldintzapeko askatasunean izan da azpeitiarra. Horrenbestez, hamabost egunean behin epaitegira joan behar izaten du sinatzera. Hori ez ezik, Ibargurenek debekatuta dauka Espainiatik ateratzea. Fiskalak zortzi eta 21 urte bitarteko espetxealdiak eskatu ditu auzipetu guztientzat, eta gainera, hainbat urtez zaintzapean egotea eta isun ekonomikoa ere galdegin du horientzat.