Bizilekuetan sakonduta, bigarren etxebizitza baten aztarnak aurkitu dituzte Munoaundin

Uztarria.eus 2019ko ira. 4a, 11:20

Aranzadi zientzia elkarteak indusketak egin ditu beste urte batez Burdin Aroko herri harresituan. Antxoka Martinezen arabera, "ondo eta zuzen" joan dira aurtengo lanak. Aztarnategia museo bihurtzea du xede elkarteak.

Azkoitia eta Azpeitia arteko Munoaundi Burdin Aroko herri harresituan indusketa lanak egin ditu Aranzadi zientzia elkarteak, bi herrietako udalen eta Iraurgi Berritzenen laguntzarekin. Munoaundiko indusketen arduradun Antxoka Martinezen zuzendaritzapean, uztaileko hiru astetan 18 bat boluntario aritu ziren lanean, eta Martinezen esanetan, "ondo eta zuzen" burutu dituzte aurtengo eginbeharrak.

Aurrez zehaztutako plangintzaren barruan egin dituzte indusketak aztarnategian, eta emaitzetan ez da ezustekorik izan. Bizilekuetan sakondu dute beste urte batez, eta arkeologoak uste du bigarren etxebizitza baten aztarnak aurkitu dituztela eremu horretan. Ildo horretan, eremu horretako indusketak ez dituztela agortu azpimarratu du, eta beraz, hurrengo urtean jarraituko dutela aurreratu du: "Uste nuen aurten amaituko genituela lan horiek, baina oraindik badago zer eginik han", berretsi du.

Horrez gain, barruan sartuta duten arantza atera gabe jarraitzen dute Aranzadikoek, nekropoliaren aztarnarik ez baita ageri: "Beste hainbat lagin atera ditugu nekropolia topatzeko, baina ez dugu lortu. Nonbaiten, ordea, egon behar du, hura zutelako bizileku eta noizbait hilko zirelako. Beraz, datozen urteetan laginak ateratzen jarraitu beste erremediorik ez dugu". Lan zaila dute bide horretan, Gipuzkoan ez baitago erreferentziatzat har dezaketen aro horretako beste nekropolirik. Bizkaian dute eredutzat har dezaketen aztarnategirik gertuena, Berreagan: "90eko hamarkadan, hilerri baten zantzuak aurkitu zituzten harresiaren aurrean. Hori errefentziatzat hartuta, guk ere Munoaundiko harresiaren aurrean atera ditugu laginak, baina ez daude".

Museo bihurtzea, "estrategikoa"

Etorkizunerako bi proiektu ditu eskuartean Aranzadik: bizilekuetan indusketa lanekin amaitzea eta aztarnategia museo bihurtzea. "Gure helburua da aztarnategiaren informazio zientifikoa lortzea, baina hori guztia herritarrei itzuli nahi diegu gero, beraien arbasoak nola bizi izan ziren jakin dezaten". Martinezen esanetan, Munoaunduko sarbidea museo bihurtzeko proiektua "eten" egin da aurten, "Gipuzkoako Foru Aldundiko alor horretako gobernu aldaketak" eraginda. "Urria inguruan elkartuko gara aldundikoekin, eta sarbidea osorik industeko laguntza eskatuko diegu erakundeei, proiektua gauzatzeko baliabideak izan ditzagun". Era berean, harresia ere ikusgai jarri nahi dute, baina horretarako, aurrena egonkortu egin behar dute haren egitura. "Gure asmoa da harresia altxatzea eta jendeak hobeto irudikatzea herri harresitua".