Hilaren 20an eta 21ean izango da Bertan elkarteko merkatarien Stock Azoka

Uztarria.eus 2019ko ira. 3a, 13:11
Iazko Stock Azokako irudia.

Ostiral arratsaldean nahiz larunbat goizean zein arratsaldean izango dira saltokien postuak zabalik. Guztira, herriko 40 merkatarik jarriko dituzte postuak: batzuk, Azoka Plazan izango dira, eta besteek, berriz, saltokiaren atarian jarriko dute postua, Jose Artetxen, plazan nahiz Erdikalean.

Bertan merkatari elkarteak aurten ere egingo du Stock Azoka. Irailaren 20rako eta 21erako jarri dute zita; hau da, ostiral arratsalderako nahiz larunbat goiz zein arratsalderako. Aurtengo edizioan herriko 40 saltokik parte hartuko dute, eta horiek askotariko produktuak jarriko dituzte salgai azokan, hala nola arropa, oinetakoak, bitxiak, osagarriak, etxe-tresnak, kirol arropa eta abar. 22 postu izango dira Azoka Plazan, baina horiez gain, saltokien atarietan ere jarriko dituzte postuak Jose Artetxeko, plazako nahiz Erdikaleko merkatariek.

Bertanek datorren astean egingo du Stock Azokaren aurkezpena, eta orduan emango ditu ekimenaren gaineko xehetasun guztiak.