'Padre, no hay mas que uno' eta 'Angry Birds 2' filmak emango dituzte asteburuan Soreasun

Uztarria.eus | Kultura
2019ko ira. 12a, 09:04

Asteburuan izango dira zinema denboraldi berriko lehen emanaldiak Soreasu antzokian. Padre, no hay mas que uno emango dute zapatuan, igandean eta astelehean. Guztira, film horren lau emanaldi izango dira: zapatuan 22:00etan; igandean, 16:30ean eta 19:30ean; eta 21:00etan, astelehenean. Zinerako sarrerak Soreasuko leihatilan nahiz Kulturaz.eus webgunean eros daitezke. Asteburuko emanaldietarako sarrera 4,5 euro ordaindu beharko da, eta asteleheneko saiorakoa, berriz, 3,5 euro.

Gainera, igandean, 16:30ean, umeei zuzendutako Angry Birds 2 filma ere ikusi ahal izango da. Emanaldi horretarako sarrerak lau euroren trukean eros daitezke Kulturaz.eus webgunean; egunean bertan ere eskuratu ahalko dira, Soreasun.

Aurten Espainian ekoiztutako filma da Padre, no hay mas que uno. Santiago Segurak zuznedu du komedia generoko filma. Honako hau da pelikularen sinopsia: "Javier 'gizon-koinatu' bat dela esan genezake: etxearen eta haurren zaintzaz batere arduratzen ez den gizona, zer egin behar den ongi jakin arren, bikotekideari "ez zara antolatzen", "ez zaitez urduri jarri" eta gisa horretakoak esaten dizkiona. Bikotea oporretara joan eta bakarrik gelditzen denan, bost umez eta etxeaz arduratzea zer den ikasten hasiko da. Bere molde kaotikoak komiko bilakatuko dira, eta aita eta seme-alaben harreman gora-beheratsua azaleratuko du horrek".

Angry Birds 2, berriz, aurten AEBetan ekoiztutako animaziozko pelikula da. Honako hau da film horren sinopsia: "Abentura berri honetan, txerriek nahiz txoriek beraien indarrak batu beharko dituzte Zeta gaiztoari aurka egiteko. Zeta izoztutako bere uhartetik etorri da leku erosoago baten bila. Bere etorrerak Red, Chuck, Bomb, Leonard eta lagunen bizitzak hankaz gora jarriko ditu".

Datorren astean Erase una vez en... Hollywood emango dute, eta hurrengoan estreinaldi bat izango da Soreasu antzokian. Hain zuzen ere, Agur Etxebeste! filma emango dute zapatuan, igandean nahiz astelehenean.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu