Rap eta dancehall doinuek hartuko dute hilaren 14an Sanagustin kulturgunea

Uztarria.eus 2019ko ira. 3a, 11:11
IRA taldeko kideak.

IRA, Mad Muasel, Masta Quba eta Marie V abeslarien rap eta dancehall doinuek hartuko dute kulturgunea. 22:00etan hasiko den emanaldirako sarrerak kulturgunean bertan nahiz Kulturaz.eus webgunean eros daitezke; aurrez zortzi euro ordaindu beharko dira eta hamar euro egunean bertan.

IRA, Mad Muasel, Masta Quba eta Marie V abeslarien rap eta dancehall doinuek hartuko dute hilaren 14an, Sanagustin kulturgunea. 22:00etan hasiko dira emanaldiak, eta sarrera zortzi euro ordaindu beharko da aurrez; Sanagustinen edo Interneten eros daitezke horiek. Egunean bertan, berriz, hamar euro ordaindu beharko da.

Arte y terrorismo dikoa kaleratu zuen IRAk 2016an. Hain zuzen ere, lan hori izan zen Elvirus, Satira, Medea eta Raissa madrilgo musikariek osatutako rap laukotearen aurkezpen lana. Agertoki handietara saltoa, berriz, 2018an egin zuen taldeak, Rap Save The Queen lanarekin. Mad Muasel, berriz, Bilboko dancehall musikaria da. 2008an hasi zuen ibilbidea, eta sintetizagailuekin hasitako bideari ahotsarekin jarraitu zion. Ordutik, ehunka emanalddi eskaini ditu; 2010ean, Ohlala bakarkako diskoa kaleratu zuen. Gainera, 21. Korrikaren abestian ere parte hartu zuen musikariak.

Horiek ez ezik, Mexikoko Masta Quba eta Marie V ere izango dira agertokian. Bi abeslari horiek Euskal Herrian direla eta, Sanagustin kulturgunean geldialdia egingo dute. Mexikoko errealitateaz aritzen dira abestien hitzetan, eta rap doinuak emakumeen ahalduntzerako tresna gisa erabiltzen dituzte.