Azpeitiarrentzat omenaldiak eta sariak, Gipuzkoako Artzain Egunean

Uztarria.eus | Gizartea
2019ko ira. 2a, 15:04

Gipuzkoako Artzain Eguna ospatu zuten atzo Legazpin, eta hainbat izendapen jaso zuten Azpeitiko artzainek. Gipuzkoako Artzain Gaztaren 35. Lehiaketan bosgarren saria eskuratu zuen Berastegi baserriko gaztak. Gainera, aitortza jaso zuen Angel Errasti artzain ohiak.

Gipuzkoako Artzain Eguneko omenduen eta sarituen irudia. (Goierriko Hitza)  Ikusi haundiago | Argazki originala

2019ko Gipuzkoako Artzain Eguna ospatu zuten atzo, igandea, Legazpin, eta Azpeitiko artzainek sariak nahiz omenaldiak jaso zituzten bertan. Ohi den moduan, hainbat lehiaketa egin zuten egunean zehar. Horien artean, Gipuzkoako Artzain Gaztaren 35. Lehiaketa jokatu zuten, eta Azpeitiko Berastegi baserriko gaztak eskuratu zuen bosgarren saria. Lehenengo hamarrak Euskal Herriko txapelketarako sailkatu ziren; beraz, lehia horretan izango dira Berastegi baserriko gazta. Era berean, Berastegiko gazta izan zen dastaketa herrikoian boto gehien eskuratu zituena.

Bestalde, aitortza jaso zutenen artean izan zen Angel Errasti artzain ohia. Zestoako Olazabal Zahar baserrian hezitakoa da Errasti, eta orain dela 30 urte inguru hasi zen artalde handiak izaten. Hasieran, 100 buruko artalde batekin ekin zion artzain lanei. Urteak aurrera joan ahala, artaldea handitzen joan zen, 300 burutara iristeraino. Gazta egiten ere hasi zen, baina ez etxean eta ezta txabolan ere. Esnea Azpeitian kokatutako Ardi Gazta Kooperatibara eraman eta beste zortzi bat artzainekin batera egiten zuen gazta bertan. Ondoren, Izarraitz gazta izenarekin saltzen zuten. Legazpiko artzain egunean zein Ordizian ere sari batzuk lortzera iritsi ziren. Gipuzkoako Ardi gazta lehiaketa 1996 eta 2003. urtetan irabazi zuten, Legazpin.

Errastik bazuen esperantza bere semeak artzaintza ofizioari segida ematekoa, Arantzazuko artzain eskolan ikasi baitzuen. Etxetik kanpo aurkitu zuen, ordea, lana, eta ez zuen jarraitu. Ondorioz, jubilatutakoan ardiak eta gaztagintza alde batera utzi zituen Olazabal baserrikoak.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu