Ilusioaren semeak

Uztarria.eus 2019ko ira. 5a, 10:31
Julen Revuelta eta Iago Azkue, Erdikaleko estolda ezagunaren parean. (Ihintza Elustondo)

Iagomago, Julenmago eta Txisteratik Egun Magikoa; esan beharrik ez Azpeitian ilusioak baduela indarra. Horretaz aritu dira Azkue eta Revuelta Ihintza Elustondo kazetariarekin, 2019ko abuztuko Uztarria aldizkarian.

Beste lekuetan ezin jakin ilusioak hainbeste indar ote duen, ezin jakin inguruko herrietan magorik ba ote den, baina Azpeitian bada zerbait. Iagomago batetik, Julenmago bestetik; bi badira, behintzat, ilusioaren arteak harrapatu dituen herritarrak. Gazteak izanagatik, biek ala biek ametsez gainezka dute txistera.

Historia errepikatu egiten dela diote, eta magoen kasuan ere berberak dira istorioak: Magia Borras kutxa batekin hasi zen guztia bi ilusiogileen ibilbidean. Iago Azkue (Azpeitia, 2003) duela zazpi urte hasi zen magiaren munduan murgiltzen. "Magia Borras kutxa bat oparitu zidaten, eta gustatu egin zitzaidan. Ordutik, urtero oparitu izan didate kutxa berri bat, oraintxe arte". Julen Revueltak (Azpeitia, 2004), berriz, aurrez beste afizio batzuk zituen: dantzatzea; umeak entretenitzeko, pailazoarena egitea... "Eta urtebetetze egun batean Magia Borras kutxa oparitu zidaten". Halaxe aldatu zen haren ibilbidea ere: probatu, eta ezin utzi.

Bien kasuan, beraz, bat izan dira probatzea eta gustatzea. Halaxe jakin zuten magiaren munduan sakontzea nahi zutela. Zer du, baina, magiak harrapatzen duena? Revueltak argi du: "Gauza zirraragarri bat da, jendea txundituta uzteko sekulako ahalmena du".

Ilusiogile bilakatzeko, aurrez beste batzuek harritu zituzten azpeitiar gazteak. "Niri, adibidez, osabak txiki-txikitatik transmititu dit magiarekiko zaletasuna. Osabaren lagun batek magia egiten zidan, eta irakatsi ere bai. Horrek ere izan du eragina", dio Azkuek. Revueltari ere haurra zenetik gustatu izan zaio mundu hori.

Pixkanaka-pixkanaka, etxean jolas modura hasi zena jendaurrean erakustera animatu dira bi magoak. Besteak beste, duela gutxi Ipurtargi Festen aritu ziren trikimailuak egiten eta herritarrak aho zabalik uzten. Dena den, emanaldi gehiago ere eskaini izan dituzte biek: Azkue duela hiru urte hasi zen zeregin horretan, eta Revuelta iaz.

Magia egiteko modu asko daude, eta Azkuek eta Revueltak "pixka bat denetarik" egiten dute. Azkueri, batez ere, agertoki gainean egiten diren ikuskizunak gustatzen zaizkio: "Gauza txikiak baino nahiago ditut oholtza gaineko emanaldiak". Pertsona bat desagerraraztea ere ohikoa da magoen artean. "Hori ea hemendik pixka batera egiteko gai garen", dio hark umoretsu.

Beste gauza askotan bezala, magiak ere ez du sekretu handirik: aritu egin behar da ikasteko. "Ispilu aurrean denbora pasatu behar da, orduak. Egin eta egin aritu behar da egunero, harik eta ondo ateratzen zaizula ikusten duzun arte", azaldu du Azkuek. Revueltak grabatu ere egiten du bere burua, trikimailuak funtzionatzen ote duen ikusteko. Dena den, kamera baino begi hobea dutenak ere badituzte etxean. "Gurasoak, familiakoak eta lagunak ere egoten dira guri begira, aspertu arte".

Egun, lehen ez bezala, Interneti esker, esku-eskura dute magiari buruzko informazioa. Biek azaldu dute sareak trebakuntzarako "erraztasunak" eman dizkiela. Dena den, Revueltak dio lehen gehiago jotzen zuela Internetera; Azkuek, berriz, DVDak ikustea atsegin du. "Liburuak irakurtzea ez zait gustatzen. Nahiago dut beste magoen ikuskizunen grabazioak ikustea eta haien azalpenak entzutea".

Magia ikasteko, ikusi ere egin behar da; horretan bat datoz bi gazteak. "Ideiak hartzeko balio du magia jaialdiak ikustera joateak", azaldu du Revueltak. Azkueren erreferentea Jorge Blass da. "Ez da izugarrizko atentzioa ematen duen mago bat, baina asmatzen dituen jokoak oso berritzaileak iruditzen zaizkit", dio. Revueltaren gogokoena, berriz, Mago Pop [Antonio Diaz] da; hurrengo urtean, Hollywooden (AEB) aritzeko aukera izango du mago ezagunak.

Magiak badu zerbait, magoek egiten dutena baina inor ohartzen ez dena, denak liluratuta uzten dituena. Horretan zailena zer den galdetuta, ez dakite zer erantzun bi magoek. Zerbait gaizki ateraz gero ere, badute irtenbidea. "Margolaria baldin bazara eta koadroa gaizki ateratzen bazaizu, ez dago atzera bueltarik. Magiaren kasuan, ordea, jendeak ez daki zer gertatuko den, beraz, disimulatu dezakezu. Hori da alde ona", adierazi du Azkuek.

Hori bai, trikimailuez gain, mingaina trebatzea ere garrantzitsua dela uste dute. "Mago asko, agian, ez dira oso onak izaten joko aldetik, baina komiko onak izaten dira, eta horrek asko balio du", azaldu du Azkuek. Beraiek ere zenbat eta gehiago aritu, publikoaren aurrean lasaiago aritzen direla nabarmendu dute. "Denborarekin lortuko dugu hobetzea".

Txisteratik Egun Magikoa, urrian

Ezin jakin kasualitatea den edo ez, baina herrian bi mago gazte izateaz gain, magiaren eguna ere badu Azpeitiak: Txisteratik Egun Magikoa. Urriaren 5ean ospatuko dute datorren edizioa, eta ohi bezala, egun osoan zehar, magiak hartuko ditu herriko txokoak. Bi gazteak egitasmoaren antolaketa taldean daude, eta gainera, biek emanaldiak eskainiko dituzte egun horretan. Revueltak gertuko magia egingo du aurrenekoz, eta Azkuek galan parte hartuko du aurten lehen aldiz.

Biak daude gogotsu egun handirako, herritarren aurrean beren abileziak erakusteko aukera izango dutelako. Azkuerentzat "pauso garrantzitsua" da galan parte hartzea. "Gainera, aurten Miguel Muñoz munduko txapelduna dator Azpeitira. Magiaren olinpiaden gisakoak egiten dira hiru urtean behin, eta duela bi urte berak irabazi zuen txapelketa", azaldu du Azkuek. Aurten, beraz, harekin oholtza partekatzeko aukera izango du. "Erronka handia" da hori harentzat, eta dioenez, buru-belarri ari da ikuskizun horretarako entrenatzen. Revueltaren asmoa ere gertuko magia ahalik eta ondoen egitea da, eta hura ere ari da orduak sartzen trikimailuak ahalik eta ondoen prestatzeko.

Afizoak elkartu ditu bi gazteen bideak, eta gainera, herrian magia eguna izateak indarra eman die gustatzen zaien horretan saiatzen jarraitzeko. "Garrantzitsua iruditzen zait Txisteratik bezalako egunak antolatzea herrian magia bultzatzeko. Aukera bat eman digu egitasmo horrek", adierazi du Azkuek.

Txistera barruan gordeta dituzten ametsez galdetuta, ez zaie zer kontaturik falta. Azkueren nahirik handiena Las Vegasen (AEB) magia egiteko aukera izatea da. "Han aritzen dira David Copperfield –Askatasunaren Estatua desagerrarazi zuena–, Penn & Teller... Mago oso onek eskaintzen dituzte ikuskizunak han, eta haiekin batera aritu nahi nuke". Revueltak, berriz, magia atsegin duen arren, ez du hain argi hori ote den bere bidea; bai, ordea, "artista" izatea nahi duela.

Biek dute ikuskizunetarako zaletasuna, eta zailena egin dute: pausoa ematea. Orain, ispiluaren aurrean orduak sartzea tokatzen zaie, ingurukoen ahoak zabaltzen jarraitzeko. Urrian dute hurrengo hitzordua, eta ordura arte, badute entrenatzeko denbora. Ea gogoak, zorteak, hitz magikoek edo dena delakoak ametsak betetzen laguntzen dien.