Angel Errasti artzain ohia omenduko dute Gipuzkoako Artzain Egunean

Uztarria.eus 2019ko abu. 30a, 19:41

Igandean, irailaren 1ean, ospatuko da Gipuzkoako Artzain Eguna Legazpin, eta hainbat ekintza eta lehiaketa izango dira egun osoan zehar. Horiek ez ezik, omenaldiak ere egongo dira, eta omenduko dituztenen artean da Angel Errasti artzain ohia. 

Azpeitiko Olazabal Zahar baserrian hezitakoa da Errasti, eta orain dela 30 urte inguru hasi zen artalde handiak izaten. Hasieran, ehun buruko artalde batekin ekin zion artzain lanei. Urteak aurrera joan ahala, artaldea handitzen joan zen, 300 burutara iristeraino. Gazta egiten ere hasi zen, baina ez etxean, ezta txabolan ere; esnea Azpeitian kokatutako Ardi Gazta Kooperatibara eraman eta beste zortzi bat artzainekin batera egiten zuen gazta bertan. Ondoren, Izarraitz gazta izenarekin saltzen zuten produktua. Legazpiko artzain egunean zein Ordizian ere sari batzuk lortzera iritsi ziren. Gipuzkoako Ardi gazta lehiaketa 1996 eta 2003. urtetan irabazi zuten, Legazpin.

Errastik bazuen esperantza bere semeak artzaintza ofizioari segida ematekoa, Arantzazuko artzain eskolan ikasi baitzuen. Etxetik kanpo aurkitu zuen, ordea, lana, eta ez zuen jarraitu. Ondorioz, jubilatutakoan ardiak eta gaztagintza alde batera utzi zituen Olazabal baserrikoak. Orain, omenaldia jasotzeko txanda iritsi zaio Errastiri, eta igandean, aitortza jasoko du, 13:00etan, Legazpiko Euskal Herria plazan egingo duten ekitaldian.