Agerraldi jendetsua egin dute Sanagustinen 11/13 sumarioko auziperatuen alde

Uztarria.eus 2019ko abu. 31a, 14:12
47ak Herrian plataformaren agerraldia Sanagustinen.

47ak Herrian plataformak deituta agerraldi jendetsua egin dute gaur, zapatua, Sanagustin kulturgunean. "ETAren espetxe frontea" osatzea leporatuta, datorren irailaren 16an hasiko da 47 euskal herritarren aurkako epaiketa Madrilen, eta horien artean, Eneko Ibarguren Kurku azpeitiarra epaituko dute. 80 pertsona inguru bildu dira gaurko agerraldian epaiketa salatzeko, tartean, hainbat alorretako jende ezaguna.

Hemendik bi astera hasiko da Espainiako Auzitegi Nazionalean 11/13 sumarioaren epaiketa, eta 47 euskal herritar epaituko dituzte bertan "ETAren espetxe frontea" osatzea leportatuta; tartean, Eneko Ibarguren Kurku azpeitiarra. Gaur, zapatua, agerraldi jendetsua izan da Sanagustin kulturgunean 47ak Herrian plataformako kideek deituta beren aurkako epaiketa salatzeko. Guztira, 80 lagun inguru batu dira agerraldian, eta hainbat alorretako aurpegi ezagunak izan dira; besteak beste, Martxelo Otamendi (Egunkaria auzia), Miren Odriozola (Udalbiltza auzia), Carlos Trenor (18/98 auzia), Olatz Izagirre (Segi auzia) Unai Romano (torturatua) eta Aitor Ibero (abokatua).

11/13 sumarioko Haizea Ziluaga eta Imanol Karrera auziperatuek hitz egin dute agerraldian. Haiek adierazi dutenez, irailaren 16an hasiko den epaiketan 47 euskal herritar epaitzeaz gain, Euskal Herrian "urte luzez" saretutako "jarduera politiko oso bat" epaituko dute. Gaineratu dute, epaiketa honek beren bizitza "erabat baldintzatu" duela. Ziluagak agerraldian adierazi duenez, azken urteetan "hurbil" eta "bidelagun" izan duten jendearekin agertu nahi izan dute gaurko agerraldian; hala nola presoen eta deserriratuen alde aritu direnekin, abokatu lanetan lagundu dietenekin nahiz espetxeetan urte luzez preso egon direnekin, beste hainbaten artean.

Ziluagak eta Karrerak azaldu dutenez, auzpieratuek errepresioak eta espetxeak eragindako mina "arintzeko" egin dute lan urte hauetan guztietan, eta azkenaldian gatazka politikoaren eta errepresioaren ondorioak gainditzeko urratsak eman direla dioten arren, gaineratu dute oraindik "bide luzea" dagoela egiteko. Halaber, azaldu dute "beharrezkoa" dela epaiketaren jatorriari begiratzea, eta azken urteetan haiek egindako aldarrikapenak "indarrean" daudela berretsi dute. Bestetik, plataformako kideek azpimarratu dute kartzelaren, deserriaren eta deportazioaren ondorioek jarraitu egiten dutela oraindik, eta sakabanaketa dela eta "espetxeetara itzulian" jarraitzen dutela hainbat senide eta lagunek. Hain zuzen ere, sakabanaketaren "arriskuak" izan dituzte hizpide.

47ak herrian plataformako kideek beren lana egiterakoan "estatuaren jazarpena" jasan dutela, eta jasaten ari direla salatu dute. Ziluagak eta Karrerak "gatazkaren ondorioak konpontzea" eta "min guztiak errekonozituak izatea" eskatu dute agerraldian, eta horretarako bermea gatazkaren jatorria "konpontzea" dela nabarmendu dute. 47 auziperatuen aurkako epaiketa "kontrako norabidean" datorrela azpimarratu dute, baina horrek ez dituztela beren printzipio eta aldarrikapenetatik mugituko.

Irailaren 14an, Bilbora

Euskal presoak eta erbesteratuak ere gogoan izan dituzte gaurko agerraldian, eta haien herriratzeak "urgentzia" duela nabarmendu dute. Datorren irailaren 14an, larunbata, Giza eskubideak, askatasuna, etorkizuna. Herrian. lelopean Bilbon egingo duten manifestazioan haien aldeko aldarrikapenari "lekua" egingo diotela azaldu dute 47ak herrian plataformako kideek, eta manifestazioan parte hartzeko deia egin diete herritarrei.

Agerraldia amaitzerakoan, elkartasuna adierazi diete hizlariek "jazarpena" eta "injustiziak" jasaten dituzten herritarrei; hala nola gogoan izan dituzte presoak, deserriratuak eta haien senideak, Altsasuko gazteak, G7aren aurkako mobilizazioetan atxilotutakoak nahiz uda honetan eraso matxistak eta homofoboak jaso dituzten herritarrak, beste hainbaten artean.

Irailaren 7an, mosaikoa plazan

Gaurkoa ez da 47 auzpieratuen alde herrian izango den ekitaldi bakarra. Izan ere, irailaren 7an, zapatua, elkartasun mosaikoa izango da Eneko Herrian plataformak deituta, 12:30ean, plazan.