Igerilekuan gimnasio gela berri bat egokitu du Udalak

Uztarria.eus 2019ko abu. 30a, 17:32

Igerilekuko eraikineko gimnasioa handitu du Udalak uda honetan, eta bigarren solairuko gela bat egokitu du erabiltzaile kopuruaren gorakadak eragin ditzaken "gainkargak" saihesteko. Udalak adierazi duenez 2013tik 2018ra bitartean %21,8 egin du gora bazkideen kopuruak.

Azpeitiko Udalak hainbat aldaketa egin du uda honetan igerilekuko eraikineko gimnasioan, eta bigarren solairuko gela bat egokitu du. Udalak jakinarazi duenaren arabera, aldaketa honek bi helburu nagusi ditu; batetik, Fitness gela handitzea, eta bestetik, luzaketak egiteko gela egokitzea, erabiltzaile kopuruaren igoerak ekar ditzaken "gainkargak" saihesteko. Horretarako, bi gela banatzen zituen horma bat bota dute, eta jarduera fisikorako zeuden makinak berrantolatu dituzte.

Udalak adierazi duenaren arabera, 2013. urtetik 2018. urtera bitartean, %21,8 egin du gora bazkideen kopuruak; 5.539 bazkide zeuden 2013an, eta 6.746 bazkide zeuden iaz. Egunean, batez beste, 600 pertsonak erabiltzen dituzte igerilekuko instalakuntzak.