Herrian nahi dute Ibarguren

Uztarria.eus 2019ko ira. 2a, 11:18
Ibargureni babesa agertzeko agerraldi jendetsua egin zuten ehunka lagunek uztailean.

Eneko Ibargurenen eta beste 46 euskal herritarren aurkako epaiketa gaitzesteko eta auzipetuari elkartasun emozionala zein ekonomikoa helarazteko asmoz, Eneko Herrian babes taldea sortu dute haren gertukoek. Ehunka lagunek bat egin dute taldearekin. Datozen egunetan hainbat egitasmo egingo dute. Ane Olaizola kazetariak babes taldeko ordezkariekin hitz egin du Uztarria aldizkariaren abuztuko zenbakirako.

Lekuz eta garaiz kanpokoa". Eneko Ibargurenen gertukoek hala definitu dute azpeitiarrak eta beste 46 euskal herritarrek aurre egin behar dioten makroepaiketa. Presoen eskubideen alde Herrira elkartean egindako lanagatik, fiskalak hamahiru urte eta sei hilabeteko espetxe zigorra, 4.800 euroko isuna eta zortzi urteko inhabilitazioa eskatuta ditu Ibargurenentzat. 11/2013 sumarioaren "injustizia" salatzeko eta azpeitiarrari elkartasuna adierazteko, Eneko Herrian babes taldea sortu dute.

Auziaz hitz egiteko helburuz hasi ziren elkartzen Ibargurenen senideak eta lagunak, eta horiek sustatu dute martxan jarri berri den dinamika. "Auziak izugarrizko dimentsioa hartu du, eta uste dugu beharrezkoa dela gaia herriratzea, jendeak ikus dezan egiten ari direna zer-nolako hanka-sartzea den", esan dute sustatzaileek. Auzipetuek jasan behar duten "bidegabekeria" gizarteratzeko sortu dute taldea, baina baita Ibargureni babesa emateko ere, auzipetua "herrian eta etxean" nahi dutelako. Kideen arabera, "izugarria" da epaiketari aurre egin behar diotenek duten zama, ez psikologikoa bakarrik, baita ekonomikoa ere. "Auziperatu bakoitzak 7.180 euroko gastu orokorrari egin beharko dio aurre". Hori hala, epaiketaren kostu ekonomikoari aurre egiten laguntzeko aukera ere izango dute egitasmoarekin bat egiten duten herritarrek.

Hiru helburu horiek gauzatzeko, dagoeneko eman du hainbat pauso Eneko Herrian taldeak, eta hasi da herritarren erantzuna jasotzen. Uztailaren 10ean plazak hartu zuen irudia da horren adierazleetako bat; ehunka lagun elkartu ziren dinamikaren aurkezpenean eta sustatzaileek orduan jakinarazi zuten egitasmoak hartuko duen bidea zein izango den. Datorren zapatuan, irailak 7, esaterako, mosaiko erraldoia egingo dute herrian, eta hilaren 14an, epaiketaren atarian, manifestazio nazionalak hartuko ditu Bilboko kaleak. Bi hitzordu horietan parte hartzeko deia egin dute Eneko Herrianeko kideek. Horrez gain, elkartasun txapak kaleratu dituzte bost eta hamar eurotan, herritarrek ekarpen ekonomikoak egin ditzaten. Bestalde, norbanakoen eta eragileen atxikimenduak jasotzen ari da babes taldea, eta bide horretan, sare sozialak erabiliko ditu kontzientziaziorako: zabaldu dituzte Eneko Herrian kontuak Facebook eta Twitter atarietan, eta horiek izango dira taldearen erakusleiho.

"Oinarrizko eskubideak" auzitan

Ibarguren eta Herrirako beste hainbat kide atxilotu eta sei urtera hasiko da 11/2013 sumarioaren epaiketa. "ETAren espetxe frontea" osatzea leporatuta, 47 lagun epaituko dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalean. Hiru hilabete iraungo du epaiketak, eta hogei saio egingo dituzte guztira.  Ibargureni "erakunde terroristan" parte hartzea eta "terrorismoari gorazarre egitea" leporatzen dizkio fiskalak, Herrirako kide izateagatik. Ildo horretan, auziaren irakurketa egin du Eneko Herrian taldeak, eta atzerapausotzat jo du afera: "Egungo jendarteak bakea eta justizia nahi ditu, baina auzia horien nahietatik kanpo dago, iraganeko korapiloak askatzea eta zauriak ixtea zailtzen duelako. Eskubideen errespetuan oinarritutako gizarte bat eraikitzen ez dugun bitartean, halako auziak oztopoak besterik ez dira izango".

Herritarren atxikimenduak jasotzeari ekin dio taldeak, eta orain arte "izugarrizko erantzuna" jaso du. Lanketa horretan, gainera, herritarrek auziaren inguruko askotariko sentipenak dituztela adierazi dute. "Gehienek diote hamahiru urte eta erdiko espetxe zigorra eskatzea astakeria galanta dela. Beste batzuen artean, halako beldur sentipen bat nabari daiteke. Oro har, galdera asko ari gara entzuten, eta sentimendu guztiei lekua egin beharko genieke: beldurrei, kezkei zein amorruei".

11/2013 sumarioaren epaiketa Ibargurenen eta Euskal Herriko beste 46 pertsonaren aurkakoa izanik, taldeak uste du "denen aurkako erasoa" dela, eta horrenbestez, erantzunak ere "horrenbestekoa" behar duela izan. Hori hala, alderdi politikoetatik eta sigletatik haratago joango den mugimendu anitza sortu nahi dute herrian, eta herriz herri sortu dituzten taldeek nazioartean oihartzuna izatea ere bada taldekideen asmoa: "Oinarrizko eskubideak daude auzitan, eta jaso nahi dugun erantzunak herrian isla izan dezan nahi dugu. Hain zuzen ere, Enekoren irudia ere horixe da: Elkar-ekineko kidea ere bada, eta aniztasuna dago haren jardunaren oinarrian. Gatazka politikoa gertutik bizi izan ez dutenak ere bildu nahi ditugu, etorkinak zein bertakoak". Taldea asteazkenero elkartzen da Sindikatu Zaharrean 19:00etan, eta hango ateak herritar guztientzat zabalik daudela azpimarratu dute.